}

Biribilgunea bihotzeko ebakuntzentzat

2001/05/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Arteria koronarioetako bypass -a bihotzeko ebakuntzarik ohikoenetakoa da. Ebakuntza-mota horretan, hankako edo bihotzeko beste arteria batzuen bidez zubiak egiten dira; horrela, bihotzeko arteria kaltetuak edo buxatuak saihesten dira eta odol-fluxua ziurtatzen da. Baina ebakuntza horrek baditu arriskuak eta, horiek ekiditeko, angioplastia izeneko teknika erabiltzen da. Teknika hori itxita dagoen arteria koronarioa puxika baten bidez zabaltzean datza.

Bada, ordea, beste aukera ziurrago bat. Circulation aldizkarian argitaratutako lanaren arabera, koronarietako ebakuntza egiteko ez da bularra ireki beharrik izango. Gainera, bi ordu irauten ditu ebakuntzak eta gaixoak egun bat edo bi besterik ez ditu pasatu behar ospitalean.

Alemaniako, Japoniako eta Estatu Batuetako bihotzeko espezialista-talde batek 1999. urtean erabilitako teknika horri esker, aurreko tekniken bidez tratatu ezin diren gaixoei aukera bat ematen zaie.

Alabaina, ebakuntza-mota berria gaixo bati bakarrik egin diote oraingoz. 53 urteko gizonezko batek bihotzeko arteriak buxatzen zizkion arteriosklerosi larria zuen eta ezin zen ez angioplastiaz ez bypass arruntaz tratatu. Beraz, buxatutako arteriek eraman beharreko odola toki horretako benen bidez desbideratu zuten. Horretarako, hankako arteriatik ultrasoinuz zuzendutako kateter bat bihotzeraino eraman eta, horren laguntzaz, arteria koronariotik orratz bat pasatu zuten benara. Gero, orratza hodi txiki batez ordezkatu eta balbula eta blokeatzaile bereziak ezarri zituzten benan arteriaren lana bete ahal izateko.

Teknika berri horri esker, benak kaltetutako bihotz-zatira odol oxigenatua eramatea lortzen da eta ebakuntza egiteko ez dago bularra ireki beharrik. Dena dela, gaixo batean soilik probatu denez, saiakuntza gehiago egin behar dira, baina lehenengo proba horrek itxaropenari atea irekitzen dio.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia