Azukre-molekula bat topatu dute izarrarteko eremuan

Eritrulosa azukrea topatu dute izarrarteko eremuko hauts-pikorretan, eta berez sortu daitekeela ondorioztatu dute.

Lurretik 26.700 bat argi-urteko distantziara jaso dituzte datuak. ARG.: Kanenori/Pixabay


Lehen aldiz topatu da azukre-molekula bat izarrarteko eremuan. Esne Bideko erdigunean jaso dituzte datuak, Lurretik 26.700 bat argi-urteko distantziara. Aurkikuntza Nature Astronomy aldizkarian argitaratu da.

Torrejón de Ardozen kokatutako Astrobiologia Zentroa buru izan den nazioarteko ikerketa honetarako, Yebes eta IRAM irrati-teleskopioak erabili zituzten, Guadalajara eta Granadan kokatuak, hurrenez hurren. Teleskopio horiek jasotako informazioarekin espektro-azterketa bat egin ahal izan zuten.

Topatutako molekula eritrulosa da, lau karbonoko azukre bat. Lurrean, baia gorrietan agertzen da batez ere; masusta gorrietan, esaterako. Sortu dituzten modeloen arabera, bi karbonoko molekula sinpleagoetatik abiatuta sortzen da eritrulosa, izarrarteko eremuko hauts-pikorretan.

«Molekula horrek bizitzaren jatorriarekin erlazioa izan dezakeela esatea gehiegi estrapolatzea izan daiteke.»

Azukreak molekula organiko ezinbestekoak dira Lurreko bizitzarako. Bizidunok erregai modura erabiltzen ditugu, baita energia-biltegi modura ere, eta material genetikoaren egituran beharrezkoak dira, besteak beste. Bizitzaren sorreraren inguruko ikerketan, auzi nagusietako bat da azukreak nola sortu ziren argitzea.

Meteoritoetan lehenago ere identifikatu izan dira azukre-molekulak —hala nola erribosa eta glukosa—, baita Bennu asteroidean ere. Izarrarteko eremuan, berriz, 340 molekula ezberdin identifikatuta zeuden arren, zailtasun teknikoak zeuden azukreen presentzia egiaztatzeko.

Adituen esanetan, aurkikuntza honek, bizitzaren jatorriari buruzko estrapolazioak eta gehiegizko ondorioak sor ditzakeen arren, bi ideia argi erakusten ditu: lehenik, azukreak baldintza naturaletan sor daitezkeela espazioan, eta, bigarrenik, gerta litekeela izarrarteko eremuan sortutako azukre horiek, izotzetan pilatuta eta babestuta, bizitza sor zitekeen eremuetara iristea, hala nola Lurrera. Dena den, gaur egun daukagun informazioarekin, hipotesi bat besterik ez da.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Astronomia