}

Bennu asteroidearen laginak Lurrera iritsi dira

2023/09/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

bennu-asteroidearen-laginak-lurrera-iritsi-dira
Bennu asteroidea, OSIRIS-RExen ontzitik. Arg. NASA

Espaziora jaurti eta zazpi urtera, OSIRIS-REx ontziak Lurraren gainetik hegan egin zuen, Bennu asteroidearen laginak Lurrean uzteko. NASAk zuzenean eman zituen lurreratzea eta berreskuratzea, eta misioa arrakastatsua izan dela baieztatu du.

NASAk 2016an jaurti zuen OSIRIS-REx, eta 218an Bennu orbitatzen hasi zen. 2020an, 250 gr harri eta hauts hartu zituen asteroidearen azaletik, eta 2021eko maiatzean abiatu zen Lurrerantz. Azkenean, atzo askatu zuen lagina, kapsula baten barruan, eta, paratxuten bidez, onik lurreratu zen, Utahko Proba eta Entrenamendu Eremuan (AEB).

Handik, berreskuratze-ekipoak jaso zuen, ez kutsatzeko neurri bereziak hartuta. Aste honetan hasiko dira kapsularen edukia aztertzen, eta urriaren 11n emango dituzte lehen emaitzak. Dena dela, azterketak bi urte iraungo ditu, eta nazioarteko hainbat talderen artean egingo dute. Ez dute lagin osoa erabiliko, zati bat etorkizunean ikertzeko gordeko baitute, orduan teknika garatuagoak egongo direlakoan, eta informazio gehiago lortu ahal izango dutelakoan. 

Izan ere, Bennu eguzki-sistemaren hastapenetan osatu zen, eta, hortaz, eguzki-sistemaren bilakaerari buruzko datu baliotsuak eman ditzake. Horrez gain, aberatsa da karbonoan, biziaren oinarrizko elementuetako bat; horrek bereziki interesgarria egiten du.

Bennurenaz gain, beste bi asteroideetako laginak ere iritsi ziren lurrera, misio japoniar banatan: Itokawa eta Ryugu.