}

Autorako erregai-pila epelak

2001/04/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Auto elektrikoen gero eta modelo gehiago asmatzen badituzte ere (adibidez, ikus "Necar 5, erregai-pilaz dabilen autoa" 2001/01/11), kalean ikusterako uste baino denbora gehiago behar izaten ari da. Orain, Nature aldizkariak jakinarazi duenez, erregai-pila berri bati esker, auto horiek merkeak, fidagarriak eta nahiko azkarrak izatea lor daiteke.

Kaliforniako Teknologia Institutuan egindako erregai-pila hidrogenotik elektrizitatea lortzen orain artekoak baino eraginkorragoa izateaz gain, prozesu hori tenperatura egokian egiten du. Izan ere, orain arteko erregai-pilek 600 ºC-tik gora edo 100º C-tik behera egiten dute lan. Pila berria egiteko bi mota horien osagai batzuek bateratu dituzte eta tarteko tenperaturan funtzionatzen duen erregai-pila lortu dute.

Urtutako karbonatozko pilek 650 ºC inguruko tenperaturan egiten dute lan eta oxido solidozkoek 700-1000 ºC-tan. Azken horiek dagoeneko eskala txikiko energia-instalazioetan eta kamioetan erabiltzen dira, baina bi motak ezegonkorrak dira tenperatura altu horietan.

Mintz polimeriko elektrolitikozko erregai-pilek, hezeak egon daitezkeenez, 100 ºC tik beherako tenperaturan egiten dute lan. Kanadan autobus batzuetan erabiltzen dituzten arren, ez dira oso eraginkorrak.

Ekonomikoki baliagarriak izan daitezen, erregai-pilek merkeak, eraginkorrak, arinak eta iraupen luzekoak izan behar dute. Mintz polimeriko elektrolitikozkoak, ordea, oso eraginkorrak ez izateaz aparte, ez dira merkeak, elektrodoak platinozkoak izan behar dutelako. Gainera, erregai batzuk mintzaren zehar isur daitezke, zirkuitulaburra eraginez eta energia-korrontea moztuz.

Bestalde, tenperatura altuan lan egiten duten oxido-solidozko erregai-piletan elektrolitoa solidoa den arren, berotzen denean, karga elektriko negatiboa duten oxido-ioiek zeharka dezakete.

Erregai-pila berriak elektrolito solidoaren ideia eta mintz polimeriko elektrolitikozko erregai-pilen hidrogeno-ioia eroatearekin konbinatzen ditu. 160 ºC inguruko tenperaturan, mekanismo horrek aurrekoak baino eraginkortasun handiagoa lortzen du.

Hala ere, komertzializatu ahal izateko oraindik lan asko egin behar da eta, artikuluan diotenez, hidrogenoa erregai moduan erabili eta merkea izatea nahi bada, 2010. urtera arte itxaron beharko da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia