Asteko argazkia: Darwin liluratu zuen landare haragijalea

Arg.: Rui Li y Yongfang Yang


Liluratuta zuen landare honek Darwin, hatzaz ukitzen zuen bakoitzean ezin baitzuen ulertu nola bereiz zezazkeen landareak gainean harrapakin bat jarri zitzaion edo hatzaren ukitu hutsa zen.

Susmatzen zuen seinale kimikoek laguntzen ziotela landareari bereizten. Izan ere, esnearekin, arrautzaren txuringoarekin eta nitrogenotan aberatsak ziren bestelako substantziekin probak egiten zituenean, errazago lortzen baitzuen landarearen erreakzio predatzailea.

Gerora jakin zen arrazoi zuela Darwinek: beste landare haragijaleek estimulu mekanikoez erreakzionatzen badute ere, Drosera capensis landareak seinale kimiko hutsez bereizten du gainean harrapakina jarri zaiola. Orain zehaztu dute, gainera, glutationa dela gakoa: intsektuak landarean pausatzen direnean, toki horretan glutationa pilatzen da, eta horrek eragiten du landarearen hostoak kiribiltzea, harrapakina estutu eta ito arte.

Bizidunek sortzen duten antioxidatzaile indartsua da glutationa. Hiru aminoazido soilez eratutako peptido txikia: glutamina, zisteina eta glizina. Baina kaltzioan oinarritutako seinaleztapen-kaskada indartsuak eragiten ditu organismoan. Eta horrek eragiten du, hain zuzen, landarearen hostoak tolestea ere.

Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute

Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali