Gizakien presentziak eragin nabarmena du animalia basatien portaeran

Bele bat GPS transmisore batekin, Yellowstone Parke Nazionalean (AEB) - Matthias Loretto


Gizakiaren jarduerak paisaian eta ekosistemetan eragiten dituen eraldaketez gain, gizakiaren presentzia hutsak animalia basatien portaeran eragin nabarmena duela ondorioztatu dute Science aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa batean.

Giza jarduerak klima aldatzen du, poluitzen du, ekosistemak eraldatzen ditu, habitatak zatitzen ditu. Eta horrek guztiak zuzenean eragiten dio biodibertsitateari. Baina, horrez gain, gizakiaren presentziak berak ere badauka eragina animalien portaeran. Azken alderdi hori aztertzeko, ikertzaileek AEBko telefono mugikorren eta ibilgailuen datuak erabili zituzten gizakien presentzia neurtzeko, eta, aldi berean, GPS bidez jarraitu zituzten hegazti eta ugaztunen 37 espezietako 4.500 animalia baino gehiago.

Ondorio nagusietako bat da espezie gehienek eremu txikiagoak erabiltzen dituztela gizakien jarduera handiagoa den lekuetan. Beste kasu batzuetan, kontrakoa ere gertatzen da: otso grisek, adibidez, eremua zabaltzen dute, ziurrenik jendea hobeto saihesteko. Bestetik, aztertutako espezieen %22tan, eragin negatiboa handiagoa izan zen gutxi eraldatutako paisaiatan. Horrek iradokitzen du inguru naturaletan bizi diren animaliak bereziki zaurgarriak direla gizakiaren presentziarekiko.

Ikertzaileen ustez, emaitzek erakusten dute giza jardueraren eragina ezin dela ulertu soilik paisaiaren eraldaketa kontuan hartuta; gizakiaren presentziak berak ere estresa sortzen baitu animalietan. Eta estres horren ondorioz portaera aldatzeak kate-erreakzioak ere eragin ditzakete ekosistemetan, hala nola haziak barreiatzeko moduan, harrapakinen populazioetan edo gaixotasunen transmisioan.

Ikertzaileen arabera, gizakien mugikortasunari buruzko datu masiboek aukera berriak eskaintzen dituzte fauna babesteko estrategiak hobetzeko. Adibidez, naturaguneetako bisita-orduak edo ibilbide turistikoak molda litezke animaliei ahalik eta gutxien eragiteko.

Egoitz Etxebeste Aduriz

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Biodibertsitatea