Asteko argazkia: Salburuako lore berria

Arg.: Aranzadi


Ranunculus lingua hezegunetan eta erreketan hazten den landare urtarra da. Lore handiak eta horiak dituen landarea da. Ipar Europako eta Asiako hezeguneetan arrunta bada ere, oso arraroa da Pirinioak zeharkatzea eta mendikatearen hegoaldean topatzea. Aranzadiko ikertzaileek, ordea, Araban topatu dute lehenengo aldiz. Nafarroan ikusi zen duela 13 urte, Izako urmaelean, baina gerora berriz ez da inoiz ikusi. Beraz, litekeena da Salburuako hezegunean topatu dutena Euskal Herrian dagoen populazio bakarra izatea.

Gironan ikusi zen populazioaren bat 1947 urtearen aurretik, baina 50 urtez inork ikusi gabe izan zuenez, desagertutzat jo zuten landarea. Orain, berriz azaldu da, Salburuan, oraingoan.

Leku berezia da Salburuako hezegunea. Ranunculus lingua landarea Pirinioen hegoaldetik desagertutzat eman zen urte berean guztiz lehortutzat eman zen Salburuko hezegune-sistema osoa ere. Hamarkada luzez drainatzen aritu ondoren, nekazaritza-lurrak bihurtu ziren, osoki. Orain, Salburua berreskuratzen hiru hamarkada pasa ondoren, osasun betean dago hezegunea, eta agian ez da kasualitatea Ranunculus lingua topatu izana. Balio ekologiko handiko landarea dela adierazi du Aranzadik.

Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute

Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Biodibertsitatea