Antzandobi arrunta, harakin hegalaria

1989/05/01 Angulo Pinedo, Rikardo Iturria: Elhuyar aldizkaria

Antzandobi arrunta ehizean ari denean, beti pasalekuetan (altu eta garbietan) kokatzen da, bere biktimen zain. Harrapakingaiak ikusten dituenean, uhin-hegalaldiz haien gainera eroriko da. Harrapatzen dituen animaliak jan baino lehen, elorri-arantzetan edo punta zorrotzen batean iltzaten ditu. Beraz, gose denean ez du arazorik, jakitegi naturala izaten du eta.

Antzandobiaren mokoa sendoa da.

Antzandobi arruntaren (Lanius collurio) taila 17-18 cm-koa izaten da, txori handia eta sendoa delarik. Gure antzandobien artean dimorfismo sexuala azaltzen duen bakarra da; arra eta emea guztiz ezberdinak bait dira. Lehena bereiztea oso erraza da: pileo eta ipurtxuntxurra urdintsua, begietan zehar mozorro bezalako zerrenda beltza, eztarri zuriska, lepoan gaztain-gorri kolorea behe aldean, lumaia zuri gorrixka eta isats zuri-beltza edukitzea dira bere ezaugarriak. Emea, aitzitik, zailagoa da bereiztea. Gainean lumaia gorri nabarmena eta azpian okre-kolorekoa du, begiko zerrenda beltzik gabe.

Antzandobi arrunta.

Euskal Herriko zenbait alderdi mugatutan, Lanius jeneroko beste bi espeziek ere, Antzandobi handiak (Lanius excubitor) (25 cm.) eta Antzandobi kaskagorriak (Lanius senator) (19 cm.), habia egiten dute.

Udakoa da. Apirilean gure lurralderantz abiatzen da eta gure artean abuztura arte egongo da. Ekainaren lehenengo egunetan, egiten duen habialdi bakarrean, 5-6 arrautza erruten ditu. Arrautzek kolore anitz eta desberdinak dauzkate; normalean distiratsuak. Gehienetan, arantzetan edo sasi zorrotzen barruan eta hiru metro baino altuera txikiagoan jartzen du habia; goroldioz eta belarrez egindakoa.

Antzandobiak harrapakinak arantzetan zintzilikatzeko ohitura du.

Txitaldia (emeak berotzen duen bitartean arrak janaria ematen dio) 14-16 egunez luzatzen da. Bi edo hiru aste geroago, kumeek hegaz egiten badakite eta beren kabuz elikatzeko gai izango dira, independentzia lortuz. Batzuetan hegaz egiten jakin baino lehen alde egingo dute habiatik, ondoko adarretan geratuz.

Oro har, lurralde zabaletan, hots, lur landuetan, larreetan edo sastrakadietan bizi izaten da. Askotan ameztietan ere aurki daiteke.

Antzandobi arrunta, gehienbat zuhaixketan, zutoinetan, hesietan edota kableetan pausatu eta kokatzen da, lurrera adi-adi begiratzeko. Aldi berean, isatsa gora-beherantz ala aldeetarantz mantso-mantso mugitzen duen bitartean, zelatan egoten da. Lurrean harrapakin bat ikusten duenean, harantz albotik abiatzen da. Bestalde, bere inguruan pasatzen den intsektua erraz harrapatzen du. Hala ere, lurrean sarritan huts egiten du harrapaketan.

Antzandobi kaxkagorria.

Bere harrapakinez jakitegia osatzea ezaugarri nabarmenena da: elorri-arantzetan edo arantza zorrotzen batean iltzatzen ditu. Ohitura hau bi ikuspuntutatik azter dezakegu. Alde batetik, elikagaia haundiegia delako harrapakina urratzea da helburu, atzaparrez xehetu ezin duenez, zeren burua edo mokoa handia eta indartsua bait du eta atzaparrak, berriz, ahulak. Bestetik, lehen aipatu dudanez, hornizio hauek urtaroaren arabera erabil ditzake. Udaberrian eta udan odol hotzeko animaliak (intsektuak, anfibioak eta narrastiak) jaten dituzte.

Udazken eta neguan, odol beroko animaliak (ugaztun xeheak eta txori txikiak) aukeratuko ditu. Harrapakin gehienak, hauek dira: intsektuen artean koleopteroak (arkanbelea), lepidopteroak (tximeleta), himenopteroak (Bombus), dipteroak (euliak) eta ortopteroak (matxinsaltoak); txorien artean txoka arruntak, karnabak, berdantzak, txinboak, kaskabeltzak, amilotxak eta abar... Basasaguak, satitsuak, igelak, sugandilak eta lurzizareak ere harrapa ditzake.

Antzandobi-kumeak gosez daude beti.

Antzandobi arrunta ia Europa osoan bizi da. Iberiar Penintsulako iparraldetik Ingalaterra eta Eskandinaviako hegoalderaino ikus daiteke umeak egiteko garaian. Euskal Herri osoan aurki dezakegu, Arabako Errioxan salbu.

Hegazti migratzailea izaki, abuztu eta irail artean Afrika tropikalerantz abiatzen da negua pasatzera. Hala ere, Afrikan negua ematen duten beste espezie migratzaileak ez bezala, Iberiar Penintsula zeharkatu gabe Mediterranio itsas ertzetik (Frantzia, Italia, Grezia eta Turkiatik) joaten dira Ekialdeko Afrikara.