Antinutriente gutxiago dituzten hostodun barazkiak

NUPen egindako doktore-tesi batek antinutriente gutxiago dituzten hostodun barazkiak hazteko alternatiba bat proposatu du.

Simaurrak amonioa du nagusiki, eta lurreko mikroorganismoek konposatu hori nitrato bihurtzen dute. ARG.: Optimusius1/Pixabay


Antinutrienteak gizakientzat funtsezkoak diren mineralak xurgatzea eragozten duten substantziak dira, eta uztetan erabiltzen diren ongarriek eragina dute landareetan pilatzen diren antinutriente-kantitatean.

Nitrogenoa funtsezko elementua da bizidun guztientzat, eta landareek lurretik xurgatzen dute zuzenean, batez ere nitrato edo amonio moduan. Lurzoruan egoten den nitrogenoaren zati handiena ez da erabilgarri egoten landareek aprobetxatu dezaketen moduan, eta, horregatik, ongarri nitrogenatu asko erabiltzen da nekazaritzan; nagusiki, nitratoa.

«Hostodun barazkiak amonioarekin ongarritzean nitrato-dosi oso txikiak gehituz gero, antinutriente gutxiago pilatzen dira»

Baina nitratoa ongarri modura erabiltzeak hainbat arazo sortzen ditu, horien artean, hosto jangarrien ehunetan pilatzen dela, eta, espezie batzuetan, antinutriente-kantitatea nabarmen handitzea eragiten duela.

Nitratoaren erabilerarekin lotutako arazoak saihesteko modua bat ongarri modura amonioa erabiltzea da. Baina konposatu hori erabiltzeak ere baditu zailtasunak; izan ere, kopuru handietan aplikatzen denean, toxikoa da labore gehienentzat, eta, batez ere, hostodun barazkientzat.

Arazo horrentzat irtenbide bat proposatu du Aitziber Calleja Satrusteguik bere doktore-tesian. Haren ikerketaren emaitzek erakutsi dute hostodun barazkiak amonioarekin ongarritzean hazkunde-aldi osoan nitrato-dosi oso txikiak gehituz gero, antinutriente gutxiago pilatzen direla hostoetan.

Nitrato-dosi horiei esker, amonioarekin hazitako landare-zelulen metabolismo zentrala erregulatzen da, amonioak sortutako estresa eta toxikotasuna arintzen dira, eta antinutriente gutxiago sortzen dira.

Egileak azaldu du aurkikuntza horrek, landare fisiologiaren ezagutzan sakontzeaz gain, atea ireki duela ongarri nitrogenatuen formulazioan eta erabileran aldaketa bat egiteko, eta hostodun barazkien ekoizpena hobetzeko.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Ingurumena