}

Abelgorria, gripe-izurriteen iturri

2002/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Urtero, birusaren azaleko proteinak lekuz aldatzen direla eta, gripe-barietate berriak azaltzen dira. Horrela, urteko barietate nagusiak detektatu orduko, txertoak prestatzen dira. Baina animalietatik gizakira zuzenean kutsatzen diren birusak hain ezberdinak direnez, ez sistema immuneak ezta txertoek ere ezin diote aurre egin. Orduan gripearen izurritea mundu osora hedatu eta hildako asko eragiten ditu.

Berriki, Erresuma Batuko albaitari-laborategien agentziako Ian Brown-ek zuzendutako taldeak gripearen genea atzeman du lehen aldiz abelgorrietan. Haien esanean, abelgorriaren gripearen birus sorrak gizakiak infektatzeko gai diren barietate moduan ager daitezke. Bestalde, abelgorriaz gain, beste gordailu asko egon daitezkeela ohartarazi dute.

Barietate hilgarri horiek 30-40 urtetik behin azaltzen direnez, hurrengo pandemia laster izango dela aurreikusten dute. Hori dela eta, batetik, gripe-barietate ohikoenen azterketa genetikoa egiten ari dira, eta, bestetik, birusari espezie batetik bestera pasatzea ahalbidetzen dioten aldaketa genetikoak aztertzen ari dira. Informazio horrekin guztiarekin, pandemia izan litekeenari aurre hartu eta txertoak prestatu ahal izatea espero dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia