Ospitale birtuala
Hezur-haragizkoa izango da Usune eta Leire Gonzalez mediku egoiliarrek artatuko duten hurrengo pazientea eta gaixoaren eboluzioa haien erabakien araberakoa izango da. Euskal Herriko Unibertsitateko ospitale birtualean ikasitakoa praktikan jartzen dute mediku egoiliarrek. Horri esker, etorkizunean trebatuta egingo diete aurre benetako kasuei.
VICTOR BUSTAMANTE; UPV/EHU: Azkar eta ondo egin ala zailtasunak izan..., pronostikoa oso ezberdina izango. Egoera kliniko jakinetan zailtasunak izan daitezke, baina trebakuntzak zailtasun horiek ondo saihesten laguntzen digu. Simulazioan egiten dugun guztiak eragina izango du pazienteak artatzean izango dugun eraginkortasunean.
Ospitale birtualeko simulagailuak ez dira makina, maniki edota panpina arruntak. Ikasleek hartzen dituzten erabakiei erantzuten dieten tresnak dira. Bizitza errealean gertatzen den moduan, tresnek simulatzen dituzten kasu klinikoek hobera edo txarrera egiten dute jasotako tratamenduaren arabera. Erabaki zuzenak hartuz gero, pazienteak suspertu egingo dira, eta, erabaki okerrak hartuz gero, ez dute hobera egingo edota okerrera egingo dute.
IÑAKI ARRIAGA; EHU/UPV: Manikiarekin interakzioa izan dezala eskatzen diogu ikasleari, erabakiak har ditzala, eta guk erabakiak hartuko ditugu ikasleak hartutako erabakien arabera, batzuk egokiak eta beste batzuk ez. Ondoren, guztia baloratzen da.
Mediku eta ikasleen esku dauden tresnak era askotakoak dira; simulagailuei esker, espezialitate bakoitzeko mediku egoiliarrek pazienteak egoki artatzeko abilezia eta trebetasuna eskuratzen dute. Larrialdietako, urologiako edota kirurgiako mediku egoiliarrak Euskal Herriko Unibertsitateko ospitale birtualean trebatzen dira.
Pazienteei zauri handiak eragin gabe kirurgia-ebakuntzak egiten dira laparoskopia-tekniken bidez. Kirurgia egiteko beharrezko tresneria eta kamera ebakidura txiki batzuetatik sartzen dira giza gorputzean. Simulagailu batekin trebatzen dira medikuak. Hesteak mugitzen edota josturak egiten ikasten dute. Egoiliarrek adierazten dutenez, pazienteekin sentsazio ezberdinak jasotzen dituzte. Hala ere, oso simulazioa erreala dela aitortzen dute.
Ginekologia alorrean bular-miaketak egiten dira. Miaketa patologikoei antzematen ikastea da helburua.
DANIEL ANDIA; EHU/UPV: Modu honetan patologia-susmoren bat izan dezakeen bular-miaketa egitera ohitzen dira.
Erditzeetan medikuek izan ditzaketen bizipenak ere ezagutzen dituzte ikasleek.
DANIEL ANDIA; EHU/UPV: Ez dago beste modurik, ikasleak ez baitaude erditzeak artatzeko prestatuta. Simulagailuek eta, kasu honetan, amaren pelbisak eta panpinak aukera ematen diete fetu bat ateratzean zer sentitzen den jakiteko. Modu honetan, unea iristen denean, gogoratuko dira medikuntza ikasten ari zirenean egin zuten saio hartaz.
Naiara Ortiz eta Iratxe Uriagereka arnasteko zailtasunak dituen sei hilabeteko ume bati laguntzen ari dira. Carlos Gonzalez medikuak kasua azaldu die, eta mediku egoiliarrek, hainbat proba eskatu eta gero, umearen arnasketa normaltzea lortzen dute. Oxigenoa eta bronkio-zabaltzaile bat eman diote.
Saio guztia grabatu egin da eta; ondoren aztertu, ebaluatu eta puntuatu egingo da.
Euskal Herriko Unibertsitateko medikuntza-irakasleek ez dute zalantzarik: ospitale birtualeko simulatzaileak ikasitakoa barneratzen laguntzen duten tresnak dira.
CARLOS GONZALEZ; EHU/UPV: Unibertsitateko irakaskuntzaren etorkizuna hau da. Oso ohikoak ez diren kasu klinikoak lortzea, arnas-gutxiegitasunak, arazo neurologiko larriak..., nahi dugun guztietan errepikatzea, ikasleek kasu kliniko horiei aurre egitea, eurek uste dutena egin dezatela eta ondoren guk, irakasleok, dakigunaren arabera zuzentzea... Ba, bai, hauxe da unibertsitateko irakaskuntzaren etorkizuna.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian



