Zinematografoa edo argazkia zine bilakatu zenean
2001/03/01 Urresti, Igor - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Baina ez zen horrela gertatu handik bederatzi hilabetera Parisko Le Grand Café-n jendaurreko lehenengo aurkezpena burutu zutenean. Ikusleak oihuka hasten ziren trena "La Ciotat"-eko geltokira iristen ikusten zutenean. Hura zen inpresioa, tren erraldoia pantailan aurrez aurre gainera zetorkiela ikustean!
Handik aurrerako arrakastek ezagutzen ditugu... soinua gehitzea, zinemaskopea, dolby, THX, etab. Baina nola hasi zen istorio guztia? Apustu batek eman zion hasiera zinemaren historiari. Leland Stanford Kaliforniako gobernadore ohi aberatsak (izen bereko unibertsitatearen sortzaileak) apustu bat egin zuen. Stanford zaldizalea zen eta, bere ustez, badago une bat zeinean trostan doan zaldiak lurrik ukitzen ez duen. Eztabaida argitzeko, Eadweard Muybridge kontratatu eta saiakuntzak egiteko bere Occident zaldi kutuna eskaini zuen. Mudbridgek zaldiaren ibilbidean, zeharka 12 kamera jarri zituen eta bestaldean beste hainbat pantaila zuri. Kamera eta pantailaren artean hari finak jarri zituen, eta zaldia bertatik pasatzean hariei tira egiten zien eta kamera bakoitzak argazki bat ateratzen zuen. Horrela baieztatu zuten badagoela une bat zeinean zaldiak lurra ukitzen ez duen.
Baina Muybridge ez zen hor gelditu. 1878ko urrian, egindako argazkiak Scientific American aldizkarian argitaratu zituen, eta 1879an argazkiak disko estroboskopiko batean muntatu eta 'linterna magiko' batekin (Kirscher-ek asmatua) argiztatu zituen. Irudiek erretinan duten iraunkortasunaren eraginez, denen harridurarako, zaldia mugimenduan ikus zitekeen. Bere lana izan zen zinearen oinarria, mugimendu arina argazki-segidan deskonposatzen zen lehen aldia baitzen.
Muybridgek ehunka ikerketa egin zituen eta Europan hitzaldiak ematen hasi zen. Horrela, E.J. Marey frantziarrak argazkiak jarraian ateratzeko tresna asmatu zuen, eta argazki-pistola izena eman zion.
Garai hartan, Thomas Alva Edison-ek Muybridgeren hitzaldi bat entzun zuen, baita mugimendua duen argazkigintzak etorkizuna izan zezakeela pentsatu ere. 1988an grabazio fonografikoak egiteko erabiltzen ziren argizarizko zilindroen antzekoetan argazkiak grabatzen saiatu zen. W. Dickson bere lankideak ordea, beste pauso garrantzitsu bat eman zuen George Eastman-ek sortutako zeluloidezko pelikulak erabiltzen hasi zenean. Zeluloidea gogorra zen baina malgua, eta biribilki luzeetan gorde zitekeen. Beraiek asmatu zuten 35 mm-ko pelikula, eta pelikulak aurrera botatzeko dituzten hortzen sistema ere bai (gaur egun erabiltzen jarraitzen duguna). Abantaila handia izan zen aurrekoa, izan ere, argazki asko behar baitziren mugimendua lortzeko. Pelikulak egiteko tramankuluari kinetografo izena eman zioten eta 15 segundoko hainbat pelikula egin zituzten. Halere, mugimendua zuten argazkiek arrakasta txikia izango zutela pentsatuz, argazkiak ikusteko sortutako tresna, kinetoskopioa, ez zen egokia irudiak jendaurrean erakusteko; hots, irudiak ez ziren pantailan proiektatzen. 1894ko apirilean plazaratu zuten kinetoskopioak pertsona bakarrarentzako lekua zuen.
Edisonek hain etorkizun gutxi ikusten zion kinetoskopiari, ezen Europarako egile eskubideak ere ez zituela eskatu. Eta Edison-en makinan oinarrituz, Louis eta Auguste Lumière anaiek aldi berean eramangarria zen kamera eta proiektorea barne zituen tresna garatu zuten: zinematografoa.
Zinematografoak Edison eta Dickson-ek garatutako banda malgua erabiltzen zuen, eta Lumière anaien patenteak dioenez, "inpresio kronofotografikoak egin eta erakusteko tresna" zen. Orain dela 106 urte, 1985eko martxoaren 22an, aurkeztu zuten lehen aldiz.
1895eko abenduaren 28an Parisko Kaputxinoen bulebarreko Le Grand Café-aren sotoan, 10 film labur eman zituzten, eta denen artean ere iraupena ez zen 20 minutura heltzen. Eguneroko irudiz osaturik zeuden: Lumière familiaren fabrikatik langileak ateratzen, edo aurretik aipatutako La Ciotat-eko tren-geltokira trena heltzen, etab. Sarrera ordainaraziz jendaurrean proiektatutako lehen film laburrak izan ziren eta gaur eguneko zinea orduan hasi zela esan daiteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia