Elhuyar zientziaren komunikazioa

Zinematografoa edo argazkia zine bilakatu zenean

2001/03/01 Urresti, Igor - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

"Asmakizun honek ez du etorkizunik. Izan ere, nor egon daiteke egunero kalean ikus ditzakeen irudiak pantaila batean ikustearren ordaintzeko prest?" Horrela pentsatzen zuten Lumière anaiek 1895eko martxoaren 22an Parisko Industria Biziberritzeko Elkartean emandako hitzaldian zinematografoa aurkeztu zutenean. Eguneroko bizitzako irudiz osatutako lau filme labur aurkeztu zituzten, eta beraien zinematografoa hainbat asmakizunen artean beste bat baino ez zen izan.

Baina ez zen horrela gertatu handik bederatzi hilabetera Parisko Le Grand Café-n jendaurreko lehenengo aurkezpena burutu zutenean. Ikusleak oihuka hasten ziren trena "La Ciotat"-eko geltokira iristen ikusten zutenean. Hura zen inpresioa, tren erraldoia pantailan aurrez aurre gainera zetorkiela ikustean!

Muybridge-k 2/1.000 segundoko obturadore berezia garatu zuen eta 1877an, 12 kamera erabiliz, zaldiaren mugimendua argazkitan jasotzea lortu zuen.

Handik aurrerako arrakastek ezagutzen ditugu... soinua gehitzea, zinemaskopea, dolby, THX, etab. Baina nola hasi zen istorio guztia? Apustu batek eman zion hasiera zinemaren historiari. Leland Stanford Kaliforniako gobernadore ohi aberatsak (izen bereko unibertsitatearen sortzaileak) apustu bat egin zuen. Stanford zaldizalea zen eta, bere ustez, badago une bat zeinean trostan doan zaldiak lurrik ukitzen ez duen. Eztabaida argitzeko, Eadweard Muybridge kontratatu eta saiakuntzak egiteko bere Occident zaldi kutuna eskaini zuen. Mudbridgek zaldiaren ibilbidean, zeharka 12 kamera jarri zituen eta bestaldean beste hainbat pantaila zuri. Kamera eta pantailaren artean hari finak jarri zituen, eta zaldia bertatik pasatzean hariei tira egiten zien eta kamera bakoitzak argazki bat ateratzen zuen. Horrela baieztatu zuten badagoela une bat zeinean zaldiak lurra ukitzen ez duen.

Baina Muybridge ez zen hor gelditu. 1878ko urrian, egindako argazkiak Scientific American aldizkarian argitaratu zituen, eta 1879an argazkiak disko estroboskopiko batean muntatu eta 'linterna magiko' batekin (Kirscher-ek asmatua) argiztatu zituen. Irudiek erretinan duten iraunkortasunaren eraginez, denen harridurarako, zaldia mugimenduan ikus zitekeen. Bere lana izan zen zinearen oinarria, mugimendu arina argazki-segidan deskonposatzen zen lehen aldia baitzen.

Jendaurrean emandako lehen filma: La sortie des oubiers de l'usine Lumière (1895) edo Lumière familiaren fabrikatik langileak ateratzen . Minutu bateko iraupenera ere heltzen ez zen film horretan, kamera finko batek hartuta, bazkalorduan langileak etxerako bidean agertzen ziren.

Muybridgek ehunka ikerketa egin zituen eta Europan hitzaldiak ematen hasi zen. Horrela, E.J. Marey frantziarrak argazkiak jarraian ateratzeko tresna asmatu zuen, eta argazki-pistola izena eman zion.

Garai hartan, Thomas Alva Edison-ek Muybridgeren hitzaldi bat entzun zuen, baita mugimendua duen argazkigintzak etorkizuna izan zezakeela pentsatu ere. 1988an grabazio fonografikoak egiteko erabiltzen ziren argizarizko zilindroen antzekoetan argazkiak grabatzen saiatu zen. W. Dickson bere lankideak ordea, beste pauso garrantzitsu bat eman zuen George Eastman-ek sortutako zeluloidezko pelikulak erabiltzen hasi zenean. Zeluloidea gogorra zen baina malgua, eta biribilki luzeetan gorde zitekeen. Beraiek asmatu zuten 35 mm-ko pelikula, eta pelikulak aurrera botatzeko dituzten hortzen sistema ere bai (gaur egun erabiltzen jarraitzen duguna). Abantaila handia izan zen aurrekoa, izan ere, argazki asko behar baitziren mugimendua lortzeko. Pelikulak egiteko tramankuluari kinetografo izena eman zioten eta 15 segundoko hainbat pelikula egin zituzten. Halere, mugimendua zuten argazkiek arrakasta txikia izango zutela pentsatuz, argazkiak ikusteko sortutako tresna, kinetoskopioa, ez zen egokia irudiak jendaurrean erakusteko; hots, irudiak ez ziren pantailan proiektatzen. 1894ko apirilean plazaratu zuten kinetoskopioak pertsona bakarrarentzako lekua zuen.

Edisonek hain etorkizun gutxi ikusten zion kinetoskopiari, ezen Europarako egile eskubideak ere ez zituela eskatu. Eta Edison-en makinan oinarrituz, Louis eta Auguste Lumière anaiek aldi berean eramangarria zen kamera eta proiektorea barne zituen tresna garatu zuten: zinematografoa.

Louis eta Auguste Lumière anaiak.

Zinematografoak Edison eta Dickson-ek garatutako banda malgua erabiltzen zuen, eta Lumière anaien patenteak dioenez, "inpresio kronofotografikoak egin eta erakusteko tresna" zen. Orain dela 106 urte, 1985eko martxoaren 22an, aurkeztu zuten lehen aldiz.

1895eko abenduaren 28an Parisko Kaputxinoen bulebarreko Le Grand Café-aren sotoan, 10 film labur eman zituzten, eta denen artean ere iraupena ez zen 20 minutura heltzen. Eguneroko irudiz osaturik zeuden: Lumière familiaren fabrikatik langileak ateratzen, edo aurretik aipatutako La Ciotat-eko tren-geltokira trena heltzen, etab. Sarrera ordainaraziz jendaurrean proiektatutako lehen film laburrak izan ziren eta gaur eguneko zinea orduan hasi zela esan daiteke.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia