Zerk bultzatu zuen dikromatismoaren sorrera eboluzioan?

2020/11/04 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ornithoptera goliath tximeletaren arra eta emea (ezker-eskuin). Arg. Wikimedia

Animalia-espezie askotako arrak eta emeak dimorfikoak izaten dira; desberdinak dira itxuran zein funtzionamenduan (oinarrizko funtzio metabolikoetan, immunitate-sisteman, portaeran…). Hegazti eta tximeleten dikromatismoa da dimorfismo deigarrienetako bat, non kolore desberdinak dituzten arrek eta emeek. Charles Darwinek proposatu zuen hautespen sexualak bultzatu duela eboluzioan dikromatismoa, emeek ar koloretsuak nahiago dituztela ikusita. Nolabait, arrek garatu zutela dikromatismoa emeen kolore apaletatik aldenduta. Alfred Russel Wallacek beste hipotesi bat zuen, ordea: emeek beharrezkoak dituzte oharkabean pasatzen diren koloreak, arrautzak garraiatu edo kumeak zaintzen aritzeko. Eta argudiatzen zuen emeak zirela arren kolore deigarri haietatik aldendu zirenak. Zein ote da dikromatismoa sortu zuen motor ebolutiboa? Duela 150 urte eztabaida piztu zuen galderak Darwin eta Wallacen artean, eta erantzuna Stockholm-eko Unibertsitateko zoologoek eman dute.

Europako tximeletei begiratuta, espezieek eta sexuek koloreetan izan dituzten aldaketen norabidea eta abiadura aztertu dute adar filogenetikoetan, eta, hala, koloreak eboluzioan zehar nola aldatu diren modelizatu dute. Bi sexuen arbasoak eta bektore ebolutiboak kalkulatuta, ondorioztatu dute arren koloreak emeena baino% 26 azkarrago eboluzionatu zuela; hortaz, litekeena da arren linaje kromatikoak direkziozko hautespen indartsu baten ondorio izatea. Hala, ondorioztatu dute hautespen sexuala izan zela europar tximeletetan dikromatismoaren bultzatzaile nagusia eboluzioan. Alegia, Darwinek arrazoi zuela. 

Ikertzaileen arabera, ez dirudi arren arteko konpetentziak berak bideratu zuenik dikromatismoa, baizik eta emeen gustuek. Antza, kolore distiratsu eta saturatuak nahiago dituzte tximeleta emeek, arrak gazteak direla bermatzen baitute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia