}

Venezia, ehun urte barru ur azpian

2003/10/08 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Venezia desagertu egingo da 100 urte barru? Ezer egiten ez bada, bai. Ondorio horretara iritsi dira Cambridge Unibertsitatean bildu diren mundu osoko adituak. Mende hasieran, San Markos plaza —hiriaren erdialdea— batezbeste 10 bider geratzen zen urpean; gaur egun, 100 bat. Izan ere, hiria, batetik, urperatzen ari da eta, bestetik itsasoaren maila gero eta gorago iristen da. Veneziako lurraren ezegonkortasunak du urperatzearen errua; itsasoaren mailarena, aldiz, klimaren aldaketa globalak. 1969tik, hirian sekulako uholdea gertatu zenetik, adituak bildu barik zeuden.

Etorkizunari triste begiratzen diote veneziarrek, ez dirudi eta etorkizunean Venezia betiko Venezia izango denik. Hiria urpera doa eta neurririk hartzen ez bada, desagertu egingo da. Zerbait egiten bada ere, mendeetan zehar ospea eman dion itxura eta izana aldatu egin daitezke. Hiria uholdeetatik babesteko urmaela ixteko proposamenak, eraikuntza-lanetan oinarritutako irtenbideak sortu ditu, dike erraldoietan oinarritutako Mose proiektua adibidez.

Naturaren babesaren ikuspegitik, horrelako irtenbideekin arazo ugari sor daitezke. Sedimentu naturala eta hezegunea galtzea, lurra degradatzea, industriatik sor daitezkeen poluitzaileak badian pilatzea eta, oro har, urak kalitatea galtzea dira eraikuntza-proiektuen aurrean ekologistek dituzten kezka nagusiak. Hango biztanleei beldurrez egoteko arrazoirik ez zaie falta, baina Veneziaren historiari begiratuz gero, uholderik ez da falta izan.

Veneziaz hitz egitean, kanalen hiria irudikatzen du jendeak, baina Venezia, zerbait izatekotan, urmaela da. Lacuna hitzak latinez gabezia, falta edo eskasia adierazten du; hau da, ez lurra eta ez ura, iragan beharreko zerbait. Veneziako urmaela, milaka urtetan lautadatik Adriatikora doazen ibaiek pilatutako sedimentuarekin osatu zen. Urmaela ez da itsasoa, haraino lurrezko eta harezko 50 kilometro daude. Hiru sarbide baino ez ditu itsasoak: Lido, Malamocco eta Chioggia. Hiru toki horietatik sartzen da ur gazia eta hortik irteten ur gazikara. Sei orduro marea sartu eta irten egiten da, urmaelak arnasa har dezan. Mareak estaltzen ez dituen uhartetxoak, marea batetik besterako tartean osatu eta azaleratzen diren hondar-, lohi- eta alga-bankuak ere urmaelaren ezaugarri garrantzizkoak dira. Behin-behinekotasunak du indarra urmaelean.

Ezaugarri horiek kontuan hartuta, naturaren kutizia horietakoa izanik, argi dago Veneziako urmaela noizbait berez desagertzeko jaio zela. Baina egun batean, gizaki-talde batek, barbaroengandik ihesik zetorrela, behin-behinekotasunari aurre egin eta han tinkotu behar zuela erabaki zuen, bizitzeko toki ona zela. V. Mendea zen. Lurrak lehortzeari ekin zioten, kanalak egiten hasi ziren, aintzirak estaltzen, ibaiak desbideratzen… belaunaldiz belaunaldi hiria eraiki zuten arte.

Beraz, Venezia, sorreratik bertatik, naturaren kontra egon da. Jakina, mendeetako borroka horretan une batzuek beste batzuek baino garrantzi handiagoa izan dute. Esate baterako, 1501. urtea adierazgarria da, Sile, Piere eta Brenta ibaiak desbideratzea erabaki baitzuten. Hiru ibai horiek ziren urmaelera iristen ziren ibai nagusiak. Bi mende behar izan zituzten lana burutzeko. Veneziako errepublikaren garaia ere oparoa izan zen horrelako proiektuetan, errepublikaren egoera bikaina izanik gero eta itsasontzi handiagoak hartu ahal izateko obrak egin baitziren. Obra haiei esker, itsasontziak urmaelera sartu eta porturaino iristen ziren. Kolpea hartuta ere, urmaela gai izan zen orekari eusteko.

Frantziaren eta Austriaren agindupean egon ondoren, Venezia Italiaren parte izatera pasa zen XIX. mendean. Orduan ere obra ugari egin ziren, baina urmaelak bereari eutsi zion. Benetako kolpea XX. mendean iritsi zen, 50eko hamarkadan. Petroliontziak Margherako industria-porturaino iristeko, petrolioaren kanala eraiki zen, 15 metroko sakonerako kanal zuzen-zuzena. Inguru guztia industria kimiko eta petrokimikoz bete zen. Lantegiek gero eta ur gehiago hartzen zuten urmaeletik, erabili, zikindu eta berriro urmaelera botatzeko. Oreka puskatu zen. Urmaela —berez ur gezaz, gaziz eta gazikaraz osatutako ekosistema— zingira bihurtu da ertzetan eta itsaso erdialdean. Petroliontziek, merkantzia-ontziek eta turistentzako itsasontzi handiek olatu handiak eragiten dituzte.

Ondorioz, mareen joan-etorriarekin sortzen ziren hondar-, lohi- eta alga-bankuak suntsitu dira, eta higadura areagotu. Higadurak urmaelaren ondoa jaten du, eta baita eraikinetako zimenduak ere. Ondorioa garbia da: 1990an, Venezia mende hasieran baino 23 zentimetro beherago zegoen.

Dena den, alarma gorria 1966an piztu zen lehenengo aldiz. Orduan, ezohiko marea batek egun oso batez urpean hartu zituen hiria zein urmaeleko uharteak. Estatuko eta nazioarteko batzorde ugari abian jarri ziren, hondatutako artelanak berreskuratu, ikerketa eta mintegi asko egin ziren eta hainbat proiektu aurkeztu. Irtenbide teorikoan ere adostasuna lortu zen: "urmaelaren oreka hidrogeologikoa berreskuratzea, degradazio-prozesua geratzea eta prozesu hori eragin duten arrazoiak desagerraraztea". Nola, baina? Horretan dago eztabaida.

Mose proiektu erraldoia

Uda aurretik, Silvio Berlusconiren gobernuak proiektu berezia onartu zuen Veneziarako: Mose proiektua. Horren arabera, mareen eragina saihesteko, hiru dike erraldoi egingo dira Adriatikoak Venezian dituen hiru sarreretan.

Mose proiektuaren ideia aspaldikoa da, 1980an aurkeztu zen lehen aldiz. Eztabaida eragin zuen hasiera-hasieratik, eta, horregatik, orain arte ez da onartu. Onarpenak berak ere eragin du eztabaida, baina Veneziaren egungo egoera duela 20 urtekoa baino okerragoa dela argudiatuta, Italiako Gobernuak zein Veneziako agintariek abian jarri dute proiektua.

Malamocco, Chioggia eta Lidoko sarreretan eraikiko dira dikeak. Mugikorrak eta artikulatuak izango dira, eta uraren ohiko maila metro bat eta hamar zentimetro igotzen denean jarriko dira abian. Beraz, normalean urpean egongo dira, urmaeleko urak eta itsasokoak bat egiten duten tokian, eta beharrezkoa denean bakarrik altxatuko dira, marea 1,10 metrotik gorakoa denean. Horrelakoetan, dikeak osatzen dituzten 79 euste-hormak urpetik irtengo dira eta hesia osatuko dute. Altxatzeko, urpeko sistema hidraulikoa erabiliko dute.

Euste-hormetako bakoitzak 20 metroko zabalera, 30 metroko altuera eta 5 metroko sakonera izango ditu. Horrelako 18 jarriko dira Chioggiako sarreran —360 metroko hesia—, 20 Malamoccokoan —400 metroko hesia— eta 41 Lidoko sarreran —820 metro luzeko hesia—. Hesi horien begi-bistako eragina ezin da ukatu, baina, ekologisten ustez, kalteak estetikoak baino gehiago izango dira...

Italieraz Mose izenak Moises esan nahi du, Bibliaren kontakizunean israeldarrak itsasoan zehar eraman zituen gizona. Izenarena kasualitate hutsa da, Mose hori Modulo Sperimentale Elettromeccanico proiektuaren laburdura baita. Ikusi egin behar Mose honek veneziarrak salba ditzakeen.

Proiektua egiteko 10en bat urte, 10.000 langile eta 400.000 euro beharko direla uste da.

Eraikuntza-teknika zaharra

IX. mendearen hasieran, Venezia eraikitzen hasi zirenean, inguruak berak eta baliabide-eskasiak erabat markatu zuten eraikitzeko modua, teknika berezia erabili behar izan baitzuten. Piloteak eta adreilua sasoi hartako arkitekturaren ezaugarri nabaria dira. Piloteak lurraren karga-gaitasuna indartzeko erabili zituzten; adreiluak, berriz, pisu gutxikoak izanik eraikin arinak egiteko.

Piloteak aritzez, haltzez edo laritzez egiten zituzten. Urmaelaren hondoan harea eta lokatza daudenez, piloteak buztinean sartuta eraikinentzako oinarria sortzen zuten. 2-4 metro arteko egurrak izaten ziren, espiralean edo zirkuluan jarritakoak. Oinarri horren gainean egurrezko oholtza egiten zuten, eta gero eraikina bera.

Piloteak erabiltzea arrunta zen arren, zoruaren ezaugarriak kontuan hartuta, eraikinen arintasuna bilatzen zen. Beraz, eraikinak ezin ziren handi-handiak izan, harri-hormek fin-finak izan behar zuten, eta egurrezko habeen gaitasunak zehatz-zehatza izan behar zuen. Lurra mugikorra izateak ere materialean bereizketa argia egitera bultzatu zituen veneziarrak. Konpresioari aurre ondo egiten dioten materialak, harriak eta adreiluak, eraikinen zutikako egituretan jarri zituzten; malgutasuna jasan behar zutenak, egurrak, etzanetan, zoruetan.

Adreilua ez zen inoiz eraikinen kanpoaldean jartzen, itsasoko urak uki ez zezan. Izan ere, ura adreiluen poroetatik sartuko balitz, lurruntzean, gatza kristal bihurtuko litzateke. Ondorioz, adreiluek bolumen handiagoa izango lukete, presioa gehitu eta pitzadurak sortuko lirateke. Hortaz, eraikitzaileek urpean egon behar duen egituraren zatia, babestu egin zuten material hidrofugoekin, pororik gabekoekin. Mareak iritsiko ez ziren egituraren mailatik gora, adreilua jarri zuten.

Uholdeak

Betidanik gertatu izan dira uholdeak Venezian, baina ez orain beste. Azken urteotan, uholde-kopuruak nabarmen egin du gora; gero eta sarriago gertatzen dira eta gero eta handiagoak dira. Naturaren eboluzioa eta giza ekimena daude horren atzean.

Eustatismoak, itsasoko uraren mailaren igoerak, zerikusi handia du Veneziako uholdeekin. Urtero, gutxi gorabehera 6 milimetro gorago doa ura. Bereziki Veneziak duen beste arazoetariko bat subsidentzia da, hau da, lurra hondoratzea. Arazo hori ez da berria, buztinezko eta lokatzezko lurrak beti ondoratu baitira, baina ez orain bezain bizkor. Portu berria egin zenetik eta petroliontziak sartzeko moduko kanalak egin zirenetik, hondoratzea askoz ere bizkorragoa da. Obrak egiteko geruza freatikoetan zulatu zenez, hondoratzeari nabarmen lagundu zitzaion. Izan ere, obra horietan urarentzako pasabide zuzen-zuzenak egin ziren, urak berez egiten zuen ibilbide bihurgunetsua kontuan hartu gabe.

Urmaeleko eta itsasoko uraren desoreka eragin du horrek guztiak, ur gehiago eta bizkorrago sartzen baita orain. Ondorioz, urpeko material gehiago irteten da eta olatuak errazago iristen dira hirira. Itsasgorak uholdeak eragiten dituenean, hirian mugitzea ez da erraza izaten, pasabide ugari jartzen badituzte ere. Eta itsasbeherak ere egiten du berea; urmaeletik lehen baino ur gehiago ateratzen denez, jendea garraiatzeko txalupek erabiltzen dituzten hainbat bide urik gabe geratzen dira, eta jende asko mugitu ezinik. Une horietan, usaina ere ez omen da gozoa izaten.

Veneziaren gainbehera datutan

  • Uraren gardentasuna % 60 gutxitu da 1930 eta 2000 urteen artean; askotan marroi-marroi joaten da. Argirik ez dutenez, urpeko animalia eta landare asko desagertu egin dira. 2000n 1930an identifikatutako animalien % 80 besterik ez zuten aurkitu; landareak, berriz, erdiak ere ez.
  • 1950ean hiriak 175.000 biztanle zituen. 1966an Venezian 121.000 pertsona bizi ziren. 1997an 67.000 besterik ez ziren, eta laurdenak 65 urtetik gorakoak ziren.
  • Uste denez, urtero 260.000 lanordu galtzen dira uholdeen ondorioz, 60 milio euro inguru.
  • 1966ko azaroan sekulako uholdea gertatu zen, San Markos plazan bertan urak 1,20 metroko altuera hartu zuen. Artelan ugari kaltetu ziren eta 5.000 veneziar etxebizitzarik gabe geratu ziren.
  • 160 kanalez lotutako 118 uhartetxok osatzen dute Venezia.
  • Urmaelak 50 kilometroko luzera eta 15eko zabalera du; 551 kilometro karratuko azalera. Berez, urmaelaren sakonera ez da bi metrotik gorakoa.
  • Neguan hiria hilik egoten da, erabat hutsik dauden auzoak ere badaude, baina turismoarentzat oso toki erakargarria izaten jarraitzen du. 15 milioi pertsonek bisitatu zuten iaz kanalen hiria.

Deia-ren D2 atalean argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia