Usteltzen ez den tomatea
1993/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Genetikoki aldatutako lehen tomatea udazken honetan agertuko da Estatu Batuetako supermerkatuetan. Bioteknologian diharduen “Calgene” etxeak prestatu du eta Flavr Savr izena ipini diote. ADN-an eragin dizkioten aldaketei esker, denbora luzez kontserbatu ahal izango da tomate hau, eta “Calgene”ko presidenteak dioenez gustu oneko tomatea da gainera.
Aipatutako aldaketa genetiko hori egitea 25 milioi dolar kostatu zaie, eta arazoa, naturalki sortzen den poligalakturonidasaren garapena blokeatzen duen genea sartzea izan da; entzima hori baita tomatea heldu eta gero ustelarazten duena.
Lau milioi dolarreko negozioa mugitzen duen tomatearen arloan albiste honek bazter guztiak asaldatu ditu. Izan ere, aldaketa genetiko honen ondoren beste bat ere eragin nahi diote, landareak zero azpiko tenperaturak jasan ahal izan ditzan. Horretarako Arktiar Ozeanoko arrain bati kenduta izoztearen aurkako gene bat txertatu nahi diote.
Dena dela, Calgene tomatea agertu baino lehen kontrako erantzunak hasiak dira eta 2.500 jatetxek jadanik iragarri dute ez dutela horrelako tomaterik zerbituko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia