Uhin elektromagnetikoek gorputzean zer eragin duten jakiteko eredu bat garatu dute

2015/01/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gela batean potentzia banaketari buruz lortutako emaitzen irudi bat. Arg. UPNA

Erradiazio elektromagnetiko ez-ionizatzaileak gorputzean zer eragin duen jakiteko simulazio-eredu bat garatu du Erik Aguirre ikertzaileak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu duen tesian.

Aguirrek argitu duenez, erradiazio ez-ionizatzaileak ez ditu ionizatzaileak dituen arriskuak, baina, izatez, badu eragina gorputzean. Hain justu, jasotzen dugun erradiazioa mugatzen duen araudia betetzen ote den ikusteko balio du, besteak beste, garatu duen ereduak. “Erradiazio ionizatzailea, esaterako X izpiek edo erradiazio ultramoreak, aldaketak eragin ditzake zelulen barruan, DNAn. Erradiazio ez-ionizatzaileak ez du gaitasun hori, baina, maila batetik aurrera, ehunak berotzen ditu. Araudiak, beraz, eragin hori saihesteko helburua du”.

Erik Aguirre Gallego ingeniaria, simulazio-ereduaren egilea. Arg. UPNA

Simulazio-metodoa NUPek berak garatutako 3D izpi trazatua izeneko tresna batean oinarritu da. Bibliografia zientifikoa baliatuz, teknika horrekin bateragarria den giza gorputzaren 3D eredu bat egin zuen. Aguirreren hitzetan, hori izan zen, behar bada, ikerketaren alderdi zailena. Edonola ere, gustura dago emaitzarekin, helburua bate baitu, alegia, “simulazio baten bidez ezagutu ahal izatea nola iristen den eremu elektromagnetikoa gorputzera”.

Simulazioa balioztatzeko,datu errealekin alderatu dituzte emaitzak. Horretarako, inguru batean baino gehiagotan egin dituzte probak, hala nola laborategian eta autoan. “Airbus A320 eta A380 hegazkinekin ere egin genituen simulazioak, baina ez dugu egiazko neurketak egin eta haiekin alderatzeko aukerarik izan”, esan du Aguirrek.

Francisco Falcone Lanas eta Luis Serrano Arriezu NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko ikertzaileak izan dira tesiaren zuzendarikideak, eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du lanak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia