Gas bat inoizko tenperatura baxuenera hoztu dute espazioan

Gas kuantiko bat hoztu dute espazioan, 10 pikokelvineko tenperatura lortu arte, espazioan inoiz neurtutako tenperatura baxuena.

Esperimentuaren irudikapen artistikoa. ARG.: Xiaoji Zhou/Pekingo Unibertsitatea


Txinako estazio espazialaren barruan, mikrograbitate egoeran, hainbat atomo hoztu dituzte tranpa optiko batekin, eta 10 pikokelvineko tenperaturara iritsi dira.

«Balio hori zero absolututik oso gertu legoke (−273,15 °C)»

Gas kuantikoak atomoak edo molekulak asko hoztuta lortu daitezke, besteak beste, eta, egoera horretan dauden gasetan, mekanika kuantikoaren legeak nagusitzen dira. Gas horiek hozteko modu bat tranpa optikoak erabiltzea da, zeinak aukera ematen baitu atomoak kontaktu fisikorik gabe eusteko eta manipulatzeko, laser-izpi fokuratu baten bidez.

Gasak asko hoztea zientzialarien aspaldiko helburua da, horrek aukera ematen baitu, besteak beste, simulazio kuantikoetan eta oinarrizko fisikan sakontzeko. Lurrunketa bidezko hoztearen bidez, gasak nanokelvinetako tenperaturara hoztea lortu zuten, eta hala lortu ziren, hain zuzen, Bose-Einstein kondentsatuak eta Fermi gasak, hots, zero absolututik gertuko tenperaturetan gertatzen diren materiaren egoerak.

Orain, ikerketa batek tranpa optiko bat erabili du Txinako estazio espazio espazialaren barruan, eta 20.000 rubidio-atomo 10 pikokelvineko tenperaturara hoztea lortu du; balio hori zero absolututik oso gertu legoke (−273,15 °C).

Egileek uste dute lorpen horrek esperimentu berritzaileak sustatuko dituela simulazio kuantikoan eta espazioko doitasun handiko neurketetan.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Kimika

Aldizkaria

Kolaboratu

Zure lana argitaratzea nahi duzu?

Gai zientifiko bati buruzko artikulu bat baduzu, bidali eta sarean zein aldizkari inprimatuan argitaratu dezakegu.

Bidali