}

Txertoei esker, egoera jakinetan neurriak malgutu daitezkeela proposatu du ECDCk

2021/04/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

txertoei-esker-egoera-jakinetan-neurriak-malgutu-d
Neska bat kalean dabilela, maskara jantzita Arg. Dorieo/CC 4.0
Birusaren transmisioa eragozteko ezarrita dauden neurri batzuk (distantzia eta maskara), egoera jakin batzuetan, malgutu daitezkeela adierazi du ECDC Gaixotasunen Prebentzio eta Kontroleko Europako Zentroak.
ECDCk baieztatu duenez, baimendu dituen txertoak populazio zabalean saio klinikoetan bezain seguruak eta eraginkorrak direla frogatu da. Gainera, ebidentziak oraindik mugatuak badira ere, badirudi guztiz txertatutako pertsonetan, infektatuz gero, murriztu egiten dela txertatu gabekoei birusa transmititzeko arriskua. 
 
Gogorarazi du dagoeneko txertatuta daudela 80 urtetik gorako pertsona gehienak, baita osasun-langileak ere. Aldiz, oraindik txertatu gabe daude gazte asko eta adin ertaineko zenbait talde. Bada, ECDCren arabera, oso zaila da horiek COVID-19 larria garatzea guztiz txertatuta dagoen pertsona baten bitartez infektatuta, baldin eta ez badituzte arrisku-faktoreak.
 
Horrenbestez, ondorioztatu du egoera jakin batzuetan malgutu daitezkeela COVID-19tik babesteko neurri ez-farmakologiko batzuk. Egoera hauetan proposatu ditu malgutzeak:
- Guztiz txertatutako pertsonak elkartzen direnean, maskararik gabe eta elkarrengandik gertu egon daitezke.
- Bizikideak edo burbuila sozial berekoak badira, ez txertatutakoak guztiz txertatutakoekin elkartzean, maskara eta distantzia malgutu ditzakete, baldin eta ez badute gaitz larria garatzeko arrisku-faktorerik edo txertoaren eraginkortasuna txikitu dezaketen ezaugarririk (adin nagusia, immunoeskasia…)
- Kontaktuen jarraipena egitean, guztiz txertatutako pertsona bat infektatu baten kontaktu zuzena denean, aztarnariek kasuan kasu aztertuko dute zer arrisku dagoen.
- Bidaietan, testak egiteko eta berrogeialdia gordetzeko arauak moldatu edo ezabatu beharko lirateke.
 
Dena dela, egoera horietan ere, ezingo dira neurriak malgutu pertsonaren batek sintomak baditu, edo immunitateari ihes egiten dion aldaeraren bat badago zirkulazioan. Gainera, Europako egungo egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, espazio publikoan eta bilera handitan, neurri ez farmakologikoei eutsi behar zaiela ohartarazi du ECDCk, txertatuta egon zein ez.  Bestalde, toki batzuetan banako bat infektatzeak arrisku handia ekar dezake talde osoarentzat; hortaz, halako tokiak bereziki zaindu behar direla adierazi du: osasun-egoitzak, hezkuntza-zentroak, kartzelak, errefuxiatuen zentroak, adinekoen egoitzak...
 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia