Trilobiteak, Kanbriar Aroko berriemaileak

2004/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Trilobiteen fosilen azterketa baten arabera, kontinente hori ez zen hain azkar puskatu, eta aldaketa horiek uste baino polikiago gertatu ziren.

Kanbriar Aroan eboluzioak aurrerapauso handia egin zuen, baina zientzialariek ez dakite zergatik. Hipotesi baten arabera, kontinente bat puskatzeak lagundu egin zuen espezieak hain azkar ugaritzen. Baina, orain ikusi dutenez, trilobiteen fosilen azterketa baten arabera, kontinente hori ez zen hain azkar puskatu, eta aldaketa horiek uste baino polikiago gertatu ziren.

Orain arteko hipotesiaren arabera, Pannotia kontinenteak, puskatutakoan, populazioak isolatu eta ekosistema berriak sortarazi zituen; modu horretan, espezie berriak sortzeko kondizio egokiak sortu ziren. Hego polotik ekuatore aldera mugitu ziren puskak, ustez, oso azkar; gaurko kontinenteen mugimendua baino askoz azkarrago.

Hala eta guztiz ere, trilobiteen fosilen analisiak ez du hori baieztatzen. Ehun trilobite-espezie baino gehiago aztertu dituzte, eta, haien dibertsitatea ikusita, badirudi Pannotia kontinentea uste baino lehenago puskatu zela. Horrek esan nahi du askoz denbora gehiago eman zuela ekuatorerako bidean, eta espezieen sorrera uste baino mantsoagoa izan zela.

Kasu honetan trilobiteen analisia oso erabilgarria izan da, garai hura aztertzeko harri egoki oso gutxi dagoelako munduan.