Trena da garraiobiderik seguruena, hegazkinen ondoren. Beti dago hobetzeko tartea, ordea, eta BRTA aliantzako ikertzaileak etengabe dabiltza trenbide-sistema eta trenen elementuak hobetzeko ahaleginean, bidaiarien segurtasuna bermatzeko.
Adibidez, CEIT zentro teknologikoak urteak daramatza trengintza-alorrean lanean. Besteak beste, trenen digitalizazioan, komunikazio-sistemetan, materialen analisian, trenbide-dinamikan eta sarearen monitorizazioan aritzen da. Jaizki Mendizabal Samper da Garraio eta Mugikortasun Jasangarria Saileko zuzendaria, eta, haren esanean: “Gure asmoa da ikuskapeneko ibilgailuei gaitasun berri eta hobeak ematea: zenbat eta funtzio gehiago, orduan eta segurtasun handiagoa”.
Trenbideko arrakalen edo pitzaduren karakterizazioa da oinarrietako bat. Gaur egun, trenbideen pitzaduren zaintza aldizka egiten da, tokira joanda. CEITen garatzen ari diren monitorizazio-sistemarekin, berriz, kontrola urrunekoa, automatikoa eta jarraitua izango da.
“Esan daiteke trenbidearen segurtasuna trenen eta azpiegituraren arteko elkarrizketaren emaitza dela”, baieztatu du Mendizabalek. Aurreratu duenez, etorkizuneko ikuskapeneko ibilgailu horren ezaugarri nagusietako bat autonomia izango da; alegia, gizakiaren parte-hartzerik gabe egingo ditu ikuskapen-lanak.
Bestalde, Tecnaliaren Entsegu Mekanikoen Laborategian, trenen osagaiak mekanikoki aztertzen dituzte merkaturatu aurretik, seguruak direla baieztatzeko. Felix Astorkia Salegi da laborategiko arduraduna, eta, azaldu duenez, haien zeregina da aurreikustea zer tentsio, deformazio eta indar jasango dituzten treneko elementuek, simulazioen bidez eta modu kontrolatuan: “Esaterako, abiadura handian doazen trenek presio-aldaketak jasaten dituzte tunelaren sarrera-irteeretan edo beste tren batekin gurutzatzean. Bidaiariek ez dituzte sumatzen, baina indar horiek eragin egiten diete piezei”.
Izan ere, treneko elementuek milaka erabilera-ziklo jasaten dituzte beren balio-bizitzan. Eta, batzuetan, ezustekoak ere gertatzen dira. Pieza horiek kasu guztietan nola erantzungo duten aurreikusteaz arduratzen dira, beraz, laborategian. “Informazio hori funtsezkoa da diseinatzaileentzat”, nabarmendu du Astorkiak.
Trenen segurtasunerako arrisku kritikoenetako bat sua da. Tecnaliaren suteen aurkako segurtasun-laborategian, materialek su hartuz gero nola erreakzionatzen duten aztertzen dute, labe handi batzuetan.
Pablo Garmendia Altuna arduradunaren esanean, material berri eta arinek trenaren kontsumo energetikoa murrizten laguntzen dute, baina, su hartuz gero, portaera jakin bat bermatu behar dute. Berretsi du oreka hori gakoa dela: “Sute batean, funtsezkoa baita sua konfinatuta geratzea ahalik eta denbora luzeenean”.
Bukatzeko, Ikerlanen trenaren “garuna” garatzen dute, fabrikatzaileekin elkarlanean: sistema txertatua. Ibai Ibarguren Jauregi ikertzaileak azaldu duenez, “sistema txertatu edo garun horrek informazioa kanpoko aldetik jasotzen du, eta gidariari esaten dio zer abiaduratan joan behar duen, noraino gidatu dezakeen… Gidariak ez badu betetzen bidali zaion agindua, orduan gure garunak esku hartzen du”.
Trenak balizen bidez jasotzen du trenbideko informazioa. Aldi berean, bere jardueren berri ematen dio sareko kontrol-zentroari. Han, sare osoaren egoera etengabe gainbegiratzen dute. “Informazioaren joan-etorria modu fidagarrian egitea funtsezkoa da”, ohartarazi du Jauregik.
Garapena etengabea da. Hurrengo urratsa pertzepzio kooperatiboa izango da. Hau da, trenak informazioa partekatuko du azpiegiturarekin, eta, horri esker, bere ikus-eremutik kanpo dagoena hautemateko gai izango da. “Gaur egun, horixe da erronka nagusia: adimen artifiziala sistema hauetan integratzea, eta erabakiak hartzeko gai izatea”, aurreratu du Jauregik. Bidaiariek etorkizunean are seguruago bidaiatu dezaten.
Elhuyar Zientzia



