}

Transplanteak. Atzera begiratuz, zer?

1991/01/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Denborak gauzak nola aldatzen dituen. Edo zehatzago esateko, denbora pasatu ahala, gauzak ikusteko modua nola aldatzen den. Oso gogoan daukat 1967ko abenduaren 3an mundu osoko egunkariek beren lehen orrialdeetan argitaratu zuten notizia.

Hegoafrikako Capetown hiriko Groote Schur Hospital-ean Christian Barnard doktoreak lehen aldiz burutu zuen bihotz-transplantea gizakian. Gertakizunak ikaragarrizko arrakasta eduki zuen komunikabideetan (oso ulergarria, bestalde), baina mundu osoko zentru medikorik ospetsuenetan ere berotasun handiz eta oso begi onez hartu zen.

Ordudanik denbora luzea pasatu da eta gaur egun nahikoa gauza normaltzat jotzen dugu bihotzeko transplantea. Zer esan daiteke egungo ikuspegitik? Zertan aldatu dira gauzak? Egin dezagun bihotz-transplantearen azalpen historikoa.

Historiaren datuak

Egun hartan, 1967-XII-3, Louis Warkansky-k (55 urteko gizonak) beste pertsona baten bihotza munduan lehen aldiz bereganatu zuen. Denise Darvall, 25 urteko neska gaztea, trafiko-istripu batean hil zen eta haren bihotza 18 egunez bizi izan zen Warkansky-ren gorputzean, hartu zuen tratamendu inmunogutxitzaile gogorragatik arnas infekzio batek heriotza ekarri zion bitartean.

Lehen aldian, bi talde mediko aritu ziren lanean aldi berean; emailearen eta hartzailearen gorputzetan hain zuzen. Hartzailearengan odol-ponpaketa artifizialki mantentzen zen bitartean (bihotza aurrez erauzi bait zitzaion), ponpaketarako beste ekipo mekaniko batekin emailearengandik lortutako bihotzean odol-garastapena mantentzen zuten. Esan beharra dago, dena den, transplanteen teknikari hasiera eman ziona Kaliforniako Stanford Unibertsitateko Sanway doktorea izan zela; lehendabizikoz teknika 1960an deskribatu bait zuen.

Barnard-ek egindako transplanteak muga mediko eta zientifiko guztiak gainditu zituen eta publizitate ikaragarria eman zitzaion Barnard berari, “bihotz-prentsa” deitzen denaren orrialde-mordo bat betetzera iristeraino. Aitzakia guzti horiek alde batera utziz, lehenengo bihotz-transplantearen garrantzia eta ondorengoetan edukitako ondorioak zalantzarik gabekoak dira.

Lehenengoaren atzetik, bihotz-transplanteak mundu osoan zehar ugaldu ziren (gehiegitxo agian?) urtebeteko epean burutu zirenak ehundik gora izanik. Horietakoa da Barnard doktoreak berak Philip Blaiberg mediku odontologoari egin ziona (19 hilabetez iraun zuen bizirik).

Transplanteen historia ordea, zaharragoa da eta duela hirurogei urte baino gehiago hasi zen; animaliekin, modu esperimentalean. Azken 20 urteotan bihotzeko transplanteek berritasun kirurgiko izateari utzi egin diote, gaur egun urtero milaka pazienteren bizia salbatu edo hobetzeko bide izanik. Aurrerapen ikaragarri hau bi faktoreren gainean oinarritzen da, batipat: teknika kirurgiko egokien garapen eta fintasunean batetik eta transplantaturiko organoaren errefus inmunologikoa kontrolatzeko metodoen aurrerakada ikaragarrian bestetik. Bigarren faktorea bereziki konplexua da, sistema inmuneak ehun arrotza errefusatzeko egiten dituen saioak ezabatzean datzalako, baina pazienteak infekzioaren edo neoplasiaren aurrean zaurgarritasun handiagoa eduki gabe. Nahikoa bide zaila da hau, geroxeago ikusiko dugunez.

Anekdota gisa

1978ko azaroan, lehenengo aldiz Europan, Nizan burutu zen bihotz “heterologiko” baten transplantea, Barnard doktoreak puntuan jarritako teknika hain zuzen. Pazienteari bihotz transplantatua txertatu zitzaion, bere bihotz propioak funtzionatuz jarrai zezan, baina gero eta gutxiago eta mantsoago funtzionatuz, azkenean bihotz berriak ordeztua izateko.

Robert Dodge, bihotza birritan transplantatu zitzaion gizasemea, alabatxo baten aita izan zen (Sandra Jo Dodge-rena); bihotza transplantatutako aita batengandik jaiotako lehen ondorengoa. Bere garaian, harridura handiz hartu zuten adituek Sandra jaiotzearen albistea; bihotz-transplantatuei ematen zaizkien botikek pazienteen haziaren ahalmen ugaltzailea ia erabat deusezten bait dute.

Bihotzeko eta birikako lehen transplante konbinatua Nafarroako Klinika Unibertsitarioan burutu zen 1981ean; Britainia Haundian gauza bera egin baino 2 urte lehenago burutu ere.

Transplanteak Espainian

1968an Martinez Bordiu doktoreak egin zuen Espainian lehen bihotz-transplantea, erabat talde nazionala erabiliz (irailaren 18an). Gaixoa, 41 urtekoa, ordu gutxiren buruan hil zen, baina transplante horrek egilearen ospea (ondoren bestelako arrazoiengatik ere saltsatan ibilia) handiagotzeaz gainera, teknika kirurgiko, ospitale-antolamendua eta ekipo medikoen balioa frogatzeko balio izan zuen batez ere.

1984eko maiatzaren 8ko gaueko hamarrak eta laurdenetara egin behar da salto (ia 18 urteko jauzia) zenbait komunikabidetan, agian asmo txarrez eta suspikaziaz beteriko aurreritziekin, “Espainiako lehen transplante serioa” izendatu zena aurkitzeko. Bigarren interbentzio medikoa burutu zuen talde medikoaren burua zen Caralps doktoreak berak aitortu zuen, ordea, garaiak oso desberdinak zirela eta Martinez Bordiu doktorearen taldeak egindako lana erabat egokia eta zuzena izan zela; une bakoitzeko teknika, baliabide eta botikei jarraituz eginak izan bait ziren, bai lehena eta baita bigarren transplantea ere. Puntu honetan, beste askotan bezala, historiak bakoitza bere lekuan uzten du.

Organoen transplanteak planteatzen dituen arazoak

Arazoak era askotakoak dira: teknikoak batzuk (gaur egun gaindituta daudenak) eta inmunologikoak besteak (ongi ezagunak, baina oraindik erabat konpondu gabeak).

Paziente-hautespena arreta handiz egin behar da. Bihotz-transplanterako hartzailearen adinak ez luke 50 urtetik gorakoa izan behar. Bere osasun-mailari dagokionez, ez luke ezein interbentzio kirurgiko debekatua egoteko adina hondatua egon behar, baina bai, ordea, jasan behar duen arrisku handia justifikatzeko adina gaixorik. Pazientearen gaitzak ez du izan behar 5 urte baino zaharragoa, ez da egongo biriketako hipertentsio esanguratsurik, eta bihotz-gutxiegitasuna dela eta gaixo horiek guztiek eduki ohi duten gibeleko eta/edo giltzurruneko gutxiegitasunak minimoa behar du izan.

Emaile posiblearen aldetik, heriotza ziurraren diagnostikoak berarekin dakartzan arazo mediko-legalez gain, zenbait baldintza bete behar ditu: 40 urtez azpikoa izatea (adin horretatik aurrera arteriosklerosi koronarioa usu bait da); aldez aurretik bihotz-funtzioaren normaltasuna ezaguna izatea, inolako infekzio edota endakapenik gabea; bere odol-taldea hartzailearenarekin bateragarria izatea, eta oraindik ere garrantzitsuagoa dena, bien arteko histobateragarritasuna ziurtatua egotea.

Transplanteen arazoa oso gertutik aztertu duten Stanford University Medical Center-eko aditu-taldeak dioenez, hartzaile potentzialen % 15 soilik dira bihotz-transplantea onartzeko gai.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia