}

Eltxo tigreak ia desagerraraztea lortu dute Txinako bi lekutan

2019/07/17 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

tigre-eltxoak-ia-desagerraraztea-lortu-dute-txinak
Arg. James Gathany/CDC

Txinako bi lekutan eltxo tigrea ia desagerraraztea lortu dute, bakterio bat eta emeak antzutzeko teknika bat erabilita. Nature aldizkarian eman dute horren berri.

Asiako iparraldekoa da jatorriz, baina azken urteetan izugarri zabaldu da, eta, gaur egun, Antartikan izan ezik, kontinente guztietan hedatu da eltxo tigrea, Aedes albopictus. Arriskutsua izan daiteke, hainbat birus transmiti ditzakeelako, hala nola, dengea, chikungunya eta zika. Birus horiek eragiten dituzten gaixotasunek ez dutenez txertorik, ez tratamendu eraginkorrik, eltxoen populazioak kontrolatzea da, une honetan, gelditzen den aukera. Horretarako ere, ordea, ohiko metodoak ez dira oso eraginkorrak izaten ari.

Ikertzaile txinatarrek Wolbachia bakterioa erabili dute eltxoen populazioa kontrolatzeko. Bakterio horrekin infektatutako arrak bakterioaren andui berarekin infektatuta ez dauden emeekin gurutzatzen direnean, sortzen diren arrautzak ez dira bideragarriak. Metodoa ez da berria, eta, dagoeneko, Afrikako bost herrialdetan ere probak egiten ari dira Aedes aegypti eltxoarekin.

Ikertzaile txinatarren ekarpen garrantzitsuena eltxoak prestatzeko modua hobetzea izan da. Izan ere, teknika horretan, funtsezkoa da andui berarekin infektatutako emerik ez askatzea, kasu horretan arrautza bideragarriak sortuko lituzketelako. Hori saihesteko, erradiazio-maila jakin baten bidez, lortu dute emeak antzutzea, eta arrak ez. Horrela, proba egin duten bi lekutan, bi urtez jarraian lortu dute eltxoen arrautzak % 94 gutxiago izatea, eta pertsonei egindako ziztadak % 97 murriztea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia