}

Telefono mugikorrak eta osasuna

1999/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Britainia Handiko gobernuak telefono mugikorren inguruan ikerketa-programa berriak bultzatuko ditu, erabiltzaileengan sor ditzaketen osasun-arazoak zenbaterainokoak izan daitezkeen aztertzeko. Gobernuak, horrela, herritarrek duten kezkari erantzun nahi dio. Izan ere, azken urteetan telefono mugikorrek osasun-arazo larriak sor ditzaketela zabaldu baita arlo honetan egin diren ikerketa ezberdinen ondorioz. Britainia Handiko Osasun Erakunde Nazionalaren helburua dauden proiektuak koordinatzea eta behin betiko erantzuna lortzea da.

Orain arte egin diren ikerketa gehienen arabera, telefono mugikorrek sortutako erradiazioak ez du ia kalterik sortzen erabiltzailearengan. Hasieran erradiazioak minbizia sor zezakeela esan zen, baina hipotesi hau ezeztaturik gelditu da. Alan Preece, Bristol-go Unibertsitateko ikerlariaren arabera erradiazio honek gehienez pertsonaren zenbait erreakzio azkartzen ditu. Zenbait pertsonaren belarrietara telefono mugikorraren antzeko mikrouhin-seinaleak bidaliz eta pertsonen erreakzio psikikoak neurtuz, seinalea jasotzen zuten pertsonek zenbait galdera eginda azkarrago erantzuten dutela ikusi zuen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia