Sugeak gorputz-adarrak galdu zituenekoa

2004/02/05 Elhuyar Zientzia

Itsasoan ala lurrean bizi zen lehenengo sugea? Ikerketa genetiko zabal baten arabera, sugearen arbasoak lehorrean galdu zituen gorputz-adarrak.

Itsasoan ala lurrean bizi zen lehenengo sugea? Galdera horri erantzun nahian dabiltza aspaldian biologoak. Behin betiko erantzuna aurkitzeko ikerketa genetiko zabal bat egin dute, eta, askok uste zutenaren aurka, sugearen arbasoak lehorrean galdu zituen gorputz-adarrak.

Ikerketarako 64 musker- eta suge-espezie hartu dituzte, eta horien bi gene izan dituzte aztergai. Musker-espezie horiekin ordezkatuta daude bizirik dirauten 19 musker-familiak. Hori behar-beharrezkoa zen, izan ere, sugearen arbasoa muskerra zen. Zehaztu dutena da arbaso hori musker lurtarren familiakoa ala itsasoko muskerren familiakoa zen.

Sugea muskerren adarretik banatu zenean, mosasauroa zen itsasoko musker bakarra. Mosasauroa desagertuta dagoenez, haren ahaide gertukoena hartu dute erreferentzia gisa: Komodoko herensugea. Eta, antza denez, Komodoko herensugea eta sugea ez dira gertuko ahaideak. Beraz, ondorioa garbia da, itsasokoa ez bazen lehorrekoa behar zuen sugearen arbasoak.

Ikerketari esker suge-espezieen eta musker-espezieen ahaidetasuna erakusten duen zuhaitz genealogikoa egin dute.

Argazkian: goian, ezkerrean Tropidophis feicki eta eskuinean Uromacer oxyrhyncus ; behean, ezkerrean Typhlops biminiensis eta eskuinean Elaphe guttata .

(Argazkilaria: S. Blair / Penn State).