Sei silaba edo hamabost letra

1997/05/01 Mujika, Alfontso - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Inaki Irazabalbeitia UEUko zuzendari ohia

Hogeita bost urte, sei silaba edo hamabost letra. Alabaina, matematikak, kontatzeko sistemak egia esan, tranpa txiki bat jarri digu. Urteak egiatan hogeita lau dira eta edizioak hogeita bost. Donibane-Lohizune 73, Euskal Herria 97. Inporta al dio, hala ere?

Uztaritzen 76an igo nintzen ni UEUren gurdian eta, harrezkero ohizko pasaiaria naiz. Joandako garaien lilurak itsutzen gaitu sarritan. Ez da hau kasua, baina kutuntasun bereziko oroitzapenak ditut uda mugitu hartaz. Franco hil berria zen; ez ahaztu. Talka terapiaren moduko izan zen Uztaritzeko esperientzia. Euskalgintzaren beste ikuspegi eta bizipenekin jarri ninduen harremanetan. Ikastolan ikasia nintzen, euskara batuaren eztabaidak gertutik bizitu nituen eta mugidatik ez nintzen urrun. Uztaritze, dena den, beste gauza bat zen.

Gogoan dut Manex Goihenetxe, orduko zuzendaria, ezagutu nuen eguna. Hegoaldetik abiatu ginen bina autotan lau lagun, ni baten gidari. UEUrentzat Hegoaldean bildutako milaka pezeta batzuk generamatzan ezkutaturik. A zer dardarizoa Hendaiako mugan! Manexi dirua eman arte ez nintzen lasaitu. Sekulako balentria iruditu zitzaidan, nire hemezortzitan, dibisa-trafiko txiki hura. UEUrekiko lehen hartu-emana izan zen.

Uztaritzeko giroak inpresionatu ninduen: irakasleen eta ikasleen arteko komunikazio ireki eta maila berekoa. Tartean izen ospetsuak ibiliaz ere, ez ziren tratu eta harremanetan azken ikasleaz nabarmentzen. Alde ederra unibertsitate ofizialarekiko! Eztabaida irekia zegoen, idei trukea eta guztien iritzia entzutzen zen; esate baterako, ni bezalako ezjakin lotsagabea zientziaren euskarazko terminologiaz iritzia ematen ausartzen zen eta entzun egiten zidaten! Giroak horretara laguntzen zuen. Oso gogoan ditut “Bilguneko”’ eskolak, Txillardegik tximinoen zeinu-hizkuntzaz emandakoa bereziki (pertsonaia mitikoa hintzen enetako, Jose Luis).

Luis Mari Bandresen gidaritzapean ezagutu nituen Lapurdi eta Nafarroa Behereko herri eta herrixka zoragarri asko gure gaueroko osteratxoetan. Gerora euskalgintzan bidelagun izan nituen pertsona asko ezagutu nituen han (gogoratzen al zara Sagrario nire galtzen urratuaz?) Eta oraindik lotsa sentitzen dut, Natxo de Feliperi “españolista” oihupean kantatzen eragotzi zioten eguna gogoratzean. (Barkatu al diguzu Natxo?)

UEUko zuzendari ohiak, "dinosauru" nagusiak. Ezkerretik hasita: Martin Orbe, Kepa Altonaga, Inaki Irazabalbeitia eta Baleren Bakaikoa.

Tripako zorria asetzeko olio-ozpinetan bustitako ogia; Joserra Etxebarria eta Patxi Goenagaren bertso-saioak Landagoien aurreko belardian; kanpinean etorritako jendea; Iparraldeko euskara eztia… Oroimenaren mahats-ale kutunak. Bestelakoa zen garaia eta bestelakoa gure izpiritua.

UEUko maila guztiak pasa ditut harrezkero eta, azkenik, Martin Orbek esaten duen legez, inoiz kenduko ez didaten bat erdietsi dut: “ohia”. Ohore handia, ez pentsa.