Ekai Txapartegi Zumeta ,
EHUko filosofia irakaslea
(EHU)

EHU

Salbatu da euskara


Informatika fakultatetik iritsi da albiste ona: makinak euskara ikasi du. Euskal Herriko historia-liburuetan urrezko hizkitan idatziko da 2026 urtea, “…eta urte horretan euskara salbatu zen”. Zeru urdinean entzun ditzaket aingeruen tronpetak Euskal Herriko herri, auzo eta etxe guztietan mezua alai zabaltzen. Aleluia. Euskararen “azken hiztuna” ez da inoiz hilko. Egin dezagun topa, Txillardegi: euskara zutik da, azkenean.

Eternitatea irabazi dute 2026ra digitalki osasuntsu iritsi diren hizkuntza guztiek. Hilezkor bihurtu dira. Eskerrik asko, Elhuyar; eskerrik asko, Hitz; eskerrik asko, Berria; eskerrik asko Wikilarien Elkartea... Eta eskerrik asko euskarazko eremu digitala orain arte elikatu duzuen guztioi. Euskara hilezkor egin duzue. Topa zuengatik ere.

Euskaltzaleak antsietate existentzialik gabe bizi gaitezke, behingoz. Makinak ez dira hiltzen, eta makinei ez zaie euskara ahaztuko. Hemendik aurrera, eta betirako, hortxe izango da norbait euskaraz aritzeko, norbait euskara irakasteko, norbait hitz batek zer esan nahi duen azaltzeko. Norbait izango dugu, betirako eta eskura, beso zabalik. Artifiziala, baina nahikoa norbait, euskaraz erantzungo duena, beste hizkuntzetatik euskarara edozer ekartzeko gai dena, eremu digitalean gu euskaraz bakarrik bizi gaitezen bermatuko diguna.

Euskaraz dakiten makinek gorpuzten dute euskaltzaleon utopia. “Itzul iezadazu dena euskarara, mesedez” agin dezakegu, ia kosturik gabe, aurpegi txarrik bueltan jaso gabe, justifikatu beharrik gabe. Hori liberazioa. Eta, hala, bat-batean dena euskara hutsez jasotzen has gaitezke. Euskaraz bizitzeko, behingoz. Interneteko nabigazio guztia euskaraz, pantailan irakurtzen dugun guztia euskaraz, sareetako interakzio guztiak (edonorekin) guk euskaraz, eta datorrena ere guri euskaraz (nahi badugu). Batzuek ingelesez nola, guk euskaraz. Parez pare ingelesa eta euskara, berdintasun linguistikoa, formala eta praktikoa, historian lehen aldiz. Euskal hodeian euskaraz.

Eta orduan, hori bada egoera, euskara salbatu bada…. zergatik ez gara ospatzen ari?

«Zergatik ez dugu egutegian markatu egun seinalatua? Zergatik ez dugu bildotsik erregosi herriko plazan? Zergatik ez zaigu euskaltzaleoi bihotza lehertu?»

Zergatik ez dugu egutegian markatu egun seinalatua? Zergatik ez dugu bildotsik erregosi herriko plazan? Zergatik ez zaigu euskaltzaleoi bihotza lehertu?

Lagunei galdetu diet. Batek aipatu dit goizegi dela, oraindik ez dela albistea zabaldu. Izan liteke, baina horrek ez du azaltzen zergatik ez dugun oraindik albistea txanpainarekin ospatu hark eta biok. Zergatik jarraitzen dugun eguneroko te beltza edaten. Zergatik ez gara ospatzen ari?

Erantzun ziniko bat ere jaso dut: ordezkapenaren teoriaren bariantea. Adimen artifizialak langileak ez-beharrezko egingo dituen moduan, euskaltzaleak ere ez-beharrezko egin omen gaitu. Haren arabera, Euskara salbu izateak euskaltzaleoi bizitzaren zentzua kentzen digunez, nahiago dugu ez ospatu. Zerekin emango dugu matraka orain? Hobe omen dugu albistea isiltzea, ospatzea baino, euskara ikasi nahi ez dutenak enteratu ez daitezen gure eskubide linguistikoak bermatuta daudela eremu digitalean.

Nire azalpena beste bat da, ordea: adimen artifizialari susmo txarra hartuta gabiltzala; pozik baino larrituta gaudela. Iruditzen zait etorkizuneko kezkak ez digula uzten une gozoa disfrutatzen. Larrialdi klimatikoaren parekoa begitantzen zait. Udarako zeru urdin eder mugagabeari kezkaz begiratzen diogun moduan, kezkaturik begiratzen diogula euskaraz erantzuten digun makinari ere.

Euskalgintza beti izan da euskalherrigintza, eta adimen artifizialak herrigintzako zalantzak sortzen dizkigu. Euskaraz egiten duen zera hori euskalduna da? Haren jabeak ez dira euskaldunak. Euskara salbatu duenak Euskal Herria indartzen lagunduko digu? Edo kontrako norabidean eramango gaitu?

Euskaltzaleon helburua euskal lurrean euskaraz mintzatzea da, herrikideekin euskaraz mintzatzea. Euskarazko hodeiak, modu autistan hesitzen bagaitu, ez gaitu herri bezala indartuko. Hodeian salbatu da euskara, baina hodeiko euskarak ez dizkigu herrikideak hurbilagotzen. Aitzitik, elkarrengandik urruntzen gaitu. Izan ere, bozgorailuetatik jasotzen dugun euskarak ez du Euskal Herria linguistikoki kohesionatzen.

Euskara salbatu da, latina bezala, eta ona da hori, zalantzarik gabe. Baina beldur naiz aldi berean ez ote garen sentitzen ari herriak desegiten jarraitzen duela lainoei begira.

Ekai Txapartegi Zumeta

EHUko filosofia irakaslea

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali