}

Psikiatriako larrialdietan genero-alborapena dagoela baieztatu dute

2022/04/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

psikiatriako-larrialdietan-genero-alborapena-dagoe
Arg. Artxibokoa

Emakundek plazaratutako txosten batek erakutsi du emakumeek arta desegokiagoa jaso zutela gizonek baino, Gurutzetako erietxeko buruko osasuneko larrialdietan (Barakaldo, Bizkaia), 2017-2019 urteetan. Ikerketan, Marga Saenz Herrero Gurutzetako psikiatrak eta Maria Recio Barbero Biocruceseko Neuropsikiatriako ikertzaileek parte hartu dute, baita Ana Santorcuato Bilbao larrialdietako medikuak, Amaia Bacigalupe De La Hera OPIK ikerketa-taldeko kideak eta Rafael Segarra Etxebarria psikiatrak ere.

Ikerketaren helburu nagusia zen ikustea ea bazegoen alderik, emakumea izanda ala gizona izanda, psikiatriako larrialdietan egindako balorazioan, erabilitako proba osagarrietan, eta ezarritako tratamenduan. 

Emaitzak hobeto interpretatzeko, lau taldetan banatu zituzten pazienteak, larrialdietara jotzeko arrazoiaren arabera: ohiko asaldurak; asaldura larriak (eskizofrenia, eldarnioak…); substantzien kontsumoak eragindako arazo mentalak; eta nortasun eta jokabide nahasteak.

Denera, 15 urtetik gorako 9.789 kasu artatu zituzten hiru urteko epe horretan. Kasu horiek  6.879 pertsonari dagozkie; alegia, batzuek behin baino gehiagotan jo zuten larrialdietara. Eta pertsona guztietatik % 53,9 emakumeak izan ziren. Adinari dagokionez, emakumeen batez beste, bi urte gehiago zituzten (47 urte eta erdi). Gurutzeta non dagoen kontuan izanda, ikertzaileek espero zuten larrialdietara joandako gehienak eremu sozioekonomiko baxukoetakoak izango zirela, eta hala zen. Alde horretatik, ez zegoen alderik emakumeen eta gizonen artean.

Asaldura ohikoenak

Guztira, asaldura ohikoena antsietatea izan zen (ia erdia), eta jarraian datoz eskizofrenia eta substantzien kontsumoarekin lotutakoak (% 14,8 eta % 13,8, hurrenez hurren). Baina sexua bereizita begiratuz gero, emakumeetan askoz ere ohikoagoak dira asaldura-mota batzuk. Adibidez, nahaste neurotikoak eta nortasunaren nahasteak % 65etik gora emakumeei dagozkie, eta % 82,5era iristen dira elikadurarekin eta beste disfuntzio fisiologiko batzuekin erlazionatutakoak. Toxikoen kontsumoari lotutakoak, aldiz, askoz ere ohikoagoak dira gizonetan: % 70 dira gizonak. 

Ikertzaileek nabarmendu dutenez, emakumeen kasu gehienak 45-55 urte bitarteko adin-tartean bildu ziren. Tarte horretan agertzen dira, lehen aldiz, arazo batzuk, hala nola psikosia edo depresio-nahasteak. Azpimarratu dute patologia psikiatriko horiek lotura estua dutela elkarrekintzan dauden arrisku-faktore ugarirekin, bai maila biologikoan (alterazio genetikoak eta epigenetikoak, neuroegiturazkoak, hormonalak), bai gizarte- eta ingurune-mailan (pobrezia, indarkeria, laguntza sozialeko eta emozionaleko sare urria…).

Proba osagarriak eta farmakoak

Bestalde, proba osagarrietan, bi eratakoetan (irudizkoak eta analitikoak) ikusi ziren desberdintasunak emakumeen eta gizonen artean. Gizonezkoei, oro har, proba gehiago egiten zaizkie. Litekeena da, asaldura larriak jokabide erasokorrakin lotuta egotean, traumatismo-arrisku handiagoa izatea, eta, ondorioz, kolperik edo hausturarik begiratu nahi izatea gizonetan. Toxikoen kontsumoarekin lotutako asaldurak ere ohikoagoak dira gizonetan, eta analitikek organoen balizko kaltea detektatzeko balioko lukete. Edonola ere, beste asaldura batzuetan ez dago alderik arriskuetan; bai, ordea, egindako probetan.

Botiketan, bi nabarmentzen dira: antsiolitikoak eta antidepresiboak. Batez ere, emakumeei agintzen dizkiete biak, eta bereziki deigarria da antidepresiboen auzia, berez, ez baita egokia larrialdietan ematea, baizik eta denbora-tarte luzeagoko egoeretan. Gainera, ohartarazi dute gizonetan depresioa azpi-diagnostikatuta egon daitekeela.

Bukatzeko, profesionalen artean gero eta emakume gehiago daudela azpimarratu dute, eta ezinbestekotzat jo dute genero-ikuspegia txertatzea egiten duten lanean, alborapenak gutxitzeko eta arreta hobea emateko. Halaber, Gurutzetako ospitalean egin duten lan hori beste leku batzuetan egitea ere komeniko litzatekeela esan dute, emaitzak alderatu ahal izateko eta ikuspegia osatzeko, eredu psikobiosozial batekin.

 

Gaian sakontzeko: