Plastikozko arbolak Sahara berdetzeko
1990/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aire hotzeko frontea aire beroko beste batekin elkartzen denean, euria egiten du. Hori meteorologiako oinarrizko printzipioa da eta guztiek dakite. Hori da, gainera, Sahara garai batean bezain berde ez izatearen arrazoi nagusia.
Saharan gaueko hezetasuna ez du ia inolako organismok gordetzen. Eguzkia altxatzen hasi orduko, gaueko hezetasuna bapatean lurrintzen da. Nola gorde ur hori? Hortxe dago koska.
Arazoari aurre egiteko, Antonio Ibañez Alba ikerle espainiarrak plastikozko arbolak erabiltzea proposatu du. Zazpi eta hamar metro altukoak izango dira. Enborra poliuretanozkoa izango dute eta adarrak nahiz hostoak apar fenolikozkoak. Sustraiak ere izango dituzte, poliuretanoa presioz lurreko hondarrean injektatuta. Hogei metroko erradioko azalera har dezakete zuhaitzen erroek.
Saiakuntzarako lehenbizi prestatutako plastikozko arbola hauek, palmera-itxura dute eta Ibañez-ek lau urtez aztertu ditu laborategian.
Basamortuan goizetik gauera tenperatur aldaketa handiak egoten dira; 60ºC-rainokoak. Egunez beraz, eguzkiak plastikozko arbola bero-bero egiten du eta gero gauez arbola horrexek kondentsazio-tranpa bailitzan jokatzen du. Zuhaitzeko plastikoa bereziki prestatua dago, tartean kapilaritatea areagotzeko tutuak dituela eta horri esker arbolak egote hutsarekin ura fabrikatzen du. Egunez eguzkiak jotzen duenean ur hori askatu egiten da, alderantzizko prozedurari jarraituz, baina prozesua askoz ere luzeagoa denez metatutako urak bertan gehiago irauten du.
Basamortuko eremu zabaletan plastikozko milaka eta milaka arbola daudenean, atmosferara milaka metro kubiko ur-lurrin botata hodeiak sortuko dira. Horren eraginez, klima egonkortu egingo da eta tenperatur aldaketak ez dira hain handiak izango. Gainera kostaldetik etorritako hodeiek Sahara barnera sartu eta euria eginda husteko aukera izango dute. Bestetik, tenperaturak hain handiak izango ez direnez gero, egindako euria ez da orain bezala bapatean lurrinduko. Beraz, hamar urteren buruan Sahara emankor bihur daitekeela pentsa dezakegu.
Sistema honek bere alde duen alderdi nagusi bat, arbolak ureztatu beharrik eza da. Lur lehorrak berdetzeko orain arte egin diren saioetan arazorik zailena beti hori izan da: hasieran landareak ureztatu beharra. Lan neketsua eta garestia inola ere, zeren eta uretan berehala gastatu eta ondorioak askoz ere geroago ikusten bait dira.
Mauritania, Marokko, Algeria eta Libiak interesa dute proiektu hau burutzeko. Libian adibidez, Sebha eta Tripoli bitartean plastikozko arbolak ipintzekoak dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia