Pandemiaren irakaspenak

2022/09/01 Zubia, Felix - Medikua | Basaras, Miren - Mikrobiologiako Irakasle Titularra

Arg. Kred Myriams Photos_Pixabay

Gero COVID-19 deitu zitzaion gaitzaren lehen zantzuak 2019aren amaieran hauteman zituzten Txinan. 2020ko urtarrilaren 5ean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) birus berriari buruzko lehen adierazpena eman zuen argitara. 2020ko urtarrilaren 12an, berriz, birusaren sekuentzia genetikoa argitaratu zuen, eta 30ean nazioarteko garrantzia duen osasun publikoko larrialditzat jo zuen. Ordurako, Txinatik kanpo ere baziren kasu batzuk. Martxoaren 11n adierazi zuen pandemia bat zela.

Ordutik hona egoera asko aldatu da; bereziki, txertoei esker. Baina sindemia ez da amaitu, eta agerikoa da etorkizunean beste bat izateko arriskua dagoela. Lehen baino prestatuago ote gaude aurre egiteko? Zer ikasi dugu denbora honetan? Utzi digu irakaspenik COVID-19ak?

Hiru urte hauetan lehenengo lerroan lanean aritu diren bi profesionalen hausnarketak ekarri ditugu:

 

“Osasun publiko ahul batez harrapatu gaitu pandemiak”

Felix Zubia Olaskoaga

ZIUko medikua (Osakidetza)

2020. urtean hasi eta oraindik gure artean den pandemiak hainbat irakaspen utzi dizkigu, nahiz eta asko jaso nahi ez. Zaila da denak hain tarte txikian aletzea, eta are eta gehiago, lantzea. Hemen doaz, nire ustez, garrantzitsuenak.

Beti izan dira pandemia edo izurriteak, eta izango dira. Gizakia bezain zaharrak dira, herrialde aberatsetako pertsona modernook haietatik libre geundela uste izan arren. Pandemiarik gehienak zoonosiak dira, eta, animalien habitatak txikitzen eta ustiatzen jarraitzen badugu, pandemia berriak izateko arriskua handiagoa izango da.

Osasun publikoa, gizarte baten osasunaz arduratzen den osasun-zientzien atala, ezinbestekoa da pandemia bati aurre egiteko. Gurea oso ahuldua zegoen, gaixotasun infekziosoen eraginpetik libre geundela uste izanda, eta aurrekontuak murrizteko asmoz. Ikasiko al dugu osasun publikoko atalak sendo mantentzen?

Osasun-sistema publikoa tenkaturik

Osasungintza publikoa, denok berdintasunez eta modu egokian zaindu behar gaituen osasun-sistema, izan da heriotza asko ekidin dituen sistema. Osasun-sistema publikoak ezin du mugan egon, beti tenkaturik: jasaten duen tentsioa handitzen bada, hautsi egingo da.

Gaixotasun infekzioso bat heda ez dadin, neurri gogorrak behar dira, gure bizimoduari eragiten dioten neurriak. Horrek agintarien esku-hartzea eta legeak eskatzen ditu, eta herritarron jarrera egokia. Koronabirusak gure balioak proban jartzeko ezaugarriak ditu: sintomarik gabe edo sintoma oso gutxirekin kutsagarri izan gaitezke; haren hilkortasuna apala da ehunekotan, baina, oso kutsakorra denez, heriotza asko eragiten ditu zenbaki absolututan; eta hiltzen direnak ahulenak dira, adinekoak batez ere. Gure balioek kale egin dutela iruditzen zait. Ziur nago hildakoak haurrak edo gazteagoak izan balira erantzuna oso ezberdina izango litzatekeela.

Komunikazio argia, ezinbestekoa

Komunikazio-politika eraginkorra beharrezkoa da pandemia bat gertatzen denean. Pandemia honek egunero notizia eta zalaparta handiak izan ditu, baina mezu garbi eta labur gutxi. Sortu den anabasaren erdian, ez da harritzekoa herritarra galdurik sentitzea, eta, horri kontra egiteko, komunikazio egoki eta neurtua garatzea derrigorrezkoa zaigu.

Ikerketa-sistema duina

Pandemia bat gertatzen denean, ezagutza zientifikoa murritza izan ohi da hasieran, eta, gero, zabalduz joaten da. Ezagutza zientifiko horrek egingo du posible neurri egokiak garatzea, hasi prebentzioarekin, eta tratamenduarekin bukatuz. Zein baldintzatan ditugu, baina, ikerketa eta ikertzaileak? Lotsaren arrastorik bagenu, ikerketarako aurrekontua biderkatu beharko genuke, eta lanpostu duinak eskaini. Bekadunen garaiak bukatua behar luke.

Koronabirusaren kasuan, oso esanguratsua izan da transmisio-bideei buruz ikasi duguna. Hasieran, tanta handiei eta kontaktuari ematen zitzaien garrantzia, aerosolen eraginaz jabetu ginen arte. Baina horiek ez dira herritarrentzako neurrietara egoki pasatu eta zabaldu. Airearen kalitatea eta aireztapenean aurrera egiteko aukera ederra galdu dugu.

Alde positiboan, inoiz ez da hainbeste ezagutza garatu, eta hain azkar. Elkarlaneko eredu oso onak izan ditugu, aurrera begira ere mantendu beharko genituzkeenak.

Txertoak izan dira pandemiari aurre egiten gehien lagundu digutenak, nahiz eta zenbaitek ikusi nahi ez. Izugarria izan da zein azkar garatu diren, interes komertzial itsusi batzuk izan diren arren.

Honaino, nire ustez eta osasunaren aldetik, pandemiak utzitako lezioak. Esaerak dioen moduan, gaizki esanak barkatu, eta ondo esanak kontuan hartu.

 

"Eguneratu egin behar dira pandemia baterako protokoloak”

Miren Basaras Ibarzabal

Mikrobiologoa (EHU)

Urteetan osasun-arloko zientzialariok beldur izan gara pandemia bat etor zitekeela, arriskua bertan baitzegoen. Hainbat filmetan, liburutan eta abarretan horrelakoak ikusi eta irakurri ditugu. Zoritxarrez, azken une honetan sufritzea ere tokatu zaigu, kasu honetan koronabirus berri batengatik. Hiru urte luze hauetan hainbat gauza ikasi ditugu, baina, oraingoz, ezezagunak zaizkigu beste hainbat.

Oinarrizko zientziaren indarra

Sarritan entzun izan dugu zientziarik gabe ez dagoela etorkizunik. I+G+b (ikerketa, garapena eta berrikuntza) ezinbestekoak dira edozein arazo egonik, osasun publikokoak barne, arazo horri konponbideak ahalik eta arinen aurkitzeko. Hori guztia pandemia honetan ikusi eta ikasi dugu.

Birusaren identifikazio azkarrak, diagnostikorako test azkarrak garatzea ekarri zuen. Aldi berean, infekzioa prebenitzeko erabilitako baliabideak eta egindako ikerketak hainbat medikamentu berri plazaratu ditu. Haien artean, dudarik gabe txertoak (ARN motakoak zein beste batzuk) ezinbestekoak izan dira pandemia honi aurre egin ahal izateko. Kalkuluen arabera, badirudi 20 milioi heriotza saihestu zirela txertoak sartu ziren lehen urtean. Baina munduko biztanleria osoa azkar ez txertatzeak saihestu zitezkeen heriotzak ekarri ditu.

Era berean, birusen kontrako botiken esparruan ere aurrerapenak egin dira: nahiz eta egun mirarizko antibiralik ez izan, badira gaixotasun larriak dituzten pazienteak tratatzeko zenbait botika.

Desinformazioa eta dibulgazioa

Gaur egun sare sozialek indar handia dute edozein esparrutan, osasunean ere bai. Nahiz eta gai bati buruz ezer ez jakin, edonork edozer idatz dezake. Horrek, sarritan, desinformaziora eraman gaitu pandemia honetan. Ahalegin handiak egin behar dira albiste faltsu horiek ezeztatzeko eta dibulgazioa ondo transmititzeko gizarteari. Hartzen diren neurriak, ezinbestekoak izanik, ondo azaldu behar da haien zergatia. Esate baterako, maskararen erabileran gorabehera handiak izan dira, bai noiz edo non erabili, baita nolakoak erabili ere. Frogatuta geratu da edozein maskarak ez duela balio birusaren transmisioa eteteko.

Bestalde, birusaren transmisioa handia denean, probabilitate gehiago dago mutazioak pairatzeko eta kezkagarriagoak diren birkonbinazioak agertzeko; beraz, aldaera berriak agertzeko. Horrela, birusaren gainean egiten den presio biologikoa gai da ihes egiten dituzten mutanteen agerpena gutxitzeko. Badirudi hori ez dela modu argian dibulgatu, birusaren transmisioak handia izaten jarraitzen duelako.

Elkarlanerako nazioarteko ahaleginak

Benetan ikasi dugu mikroorganismoek, birusek barne, ez dutela muga geografikorik errespetatzen. Munduko edozein lekutako arazo bat mundu osorako buruhauste bihur daiteke denbora gutxian. Hori guztia premiazkoa da gordelekuak aurkitzeko, transmisio-moduak ezagutzeko, etab.

Nazioarteko hainbat erakundek protokoloak eginak zituzten pandemia baten aurrean nola jokatu behar zen azaltzeko. Baina protokolo horiek eguneratzen ez badira, munduko esparru guztietara ailegatzen ez badira edo herrialdeek jaramonik egiten ez badute, ez dute ezertarako balioko.

Pandemia noiz hasi zen ezaguna da, baina noiz bukatuko den ez. Une honetan pandemian gaude, aurreko urteetan baino zerbait hobeto, baina birusa endemiko bihurtzea falta zaigu, oraingoz transmisio, gaixo eta heriotza gehiegi baitaude.

Umilagoak izan behar dugu. Azken finean, munduan badira gu baino txikiagoak diren milioika izaki, eta haiek ere badute zer esana, azaleratzen ari diren infekzioen kezka erreala baita.