}

Pandemiaren aurkako neurrien eragina simulatzen duen programa bat garatu du EHUko ikasle batek

2021/05/25 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

pandemiaren-aurkako-neurrien-eragina-simulatzen-du
Unai Otamendi Loibide. Arg. Jorge Navarro. Komunikazio Bulegoa, UPV/EHU.

COVID-19aren aurkako neurriek pandemiaren hedapenean nola eragiten duten simulatzen duen programa informatiko bat garatu du EHUko Ingeniaritza Elektronikoko ikasle Unai Otamendi Loibidek, gradu-amaierako lanean.

“Metodoaren funtsa da ikerketa soziologikoetan eta enplegu eta demografia datuetan oinarrituz simulazio-eremu bat eraikitzea, SIMS-en bideo joko bat izango balitz bezala. Eremu hori unibertsitate, herri edo probintzia bat izan daiteke; nire kasuan, Oñatin oinarritu naiz”, azaldu du Otamendik. “Kutsatze-eredu bat inplementatuz, gaixotasun baten hedapena aztertu daiteke, eta pertsonen portaeran eragiten duten neurriek dituzten eraginak ikusi”.

Programaren fidagarritasuna probatzeko 2020ko ekainaren 19tik abenduaren 12ra bitartean Estatuan eta EAEn ezarri ziren neurriak inplementatu dira (maskaren derrigorrezko erabilera; eskolen irekiera; kultura, kirol eta ostalaritza lokalek %60-ko edukiera…), eta simulazioko emaitzak tarte horretan Oñatin emandako kasu detektatuekin alderatu dira. Emaita ona izan da.

Maskararen erabilerak eta distantziamendu neurri desberdinak “funtsezkoak” izan direla berretsi du, inplementatu dituen simulazioetan kurba epidemiologikoa leuntzea eta kasu kopurua nabarmen murriztea lortu baita. 

Bestalde, testatze eta arakatze-metodo zorrotzagoek izango luketen eragina ere aztertu du. “Test kopurua handituz gaixotasunaren hedapen-abiadura nabarmen moteldu, eta kasu gutxiago emango liratekeela ikus daiteke. Eta arakatze-metodo zorrotzagoekin kutsatze-kopuru osoa txikiagotu daitekeela ikusi dugu. Hala, simulazioetan 4.195 kasutik 673ra jaistea lortu dugu, hau da, kasu kopurua sei aldiz baino gehiago murriztu zitekeela ikusi dugu”, dio Otamendik.

“Lan hau egiteko diseinatu ditugun teoria eta prozedura berriak dira, eta hainbat puntu hobetu daitezke”, aitortu du. “COVID-19ak sortutako pandemian, eta betorkizunean izan ditzakegun gaixotasunentzat, arakatze-estrategia, segurtasun-neurri eta txertatze-estrategiak planifikatzeko programak garatzeko oinarri gisa har daiteke lan hau”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia