}

Osasunaren altxorraren bila

2001/04/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gaur egun hainbeste janari dugu aukeran, ezen askotan hurrengo eguneko bazkaria erabakitzean zalantzak izaten baititugu. Gainera, osasunaren mesedetan dieta egokia izaten saiatzen gara. Baina garai batean ez zuten aukeratzen lan handirik izaten, are gutxiago itsasontzi batean hilabeteak egiten zituztenak...

XVIII. mendeko itsas gizonek arrisku ugariri egin behar zioten aurre: ekaitz izugarriak, itsaslapurren erasoak, garaiko mapetan azaltzen ez ziren itsas laster maltzurrak edota ezustean deklaratzen ziren gerretan nahitaezko parte-hartzeak. Baina horiek guztiak baino beldurgarriagoak ziren janari urritasunagatik eta garbitasun gabeziagatik sortzen ziren gaixotasunak. Eta heriotza-kopuru handiena eragiten zutenen artean eskorbutua zegoen.

Garai hartako marinel batek horrela azaldu zituen gaixotasunaren sintomak: "sekulako ahultasuna sentitzen nuen, babesik gabe nengoen, hortz guztiak galduta eta goiko eta beheko hortzoiak jelatina bezala gatzatuta, eta hainbesteko odol-jarioa nuen, ezen ahoa hamakatik kanpora zintzilik nuela lo egitera behartua nengoen odola lurrera isur zedin, eta arropa eta tapakietatik urrun egon behar nuen ez zitezen zikindu".

Aurreko deskribapena oso adierazgarria bada ere, ez dira horiek eskorbutuak eragiten dituen kalte bakarrak. Orduko James Lind sendagilearen hitzetan, "lehenengo sintomak buruko mina, jateko gogoaren galera, ahulezia, buru-arintasuna, suminkortasuna eta ez obeditzeko joera dira" eta gero eta sintoma larriagoak aipatu ondoren, gaixotasunaren ezaugarrien deskripzioa era lazgarrian bukatu zuen: "Amaitzeko, ahultasunak aurrera egiten du heriotzara iritsi arte".

Itsasoa bare egon arren, arrislkuak nonahi zeuden, baita itsasontzi barruan ere. Arrisku larrienak eritasunak ziren.

Hainbeste xehetasun eman zituen sendagile horrek 1739an itsas armada britaniarrean sartu eta berehala ikasi zuen eskorbutuak, tifusak eta disenteriak itsas armada frantziarrak eta espainiarrak baino heriotza gehiago eragiten zituela, eskifaiaren bi herenak hiltzera iristen baitziren. Irtenbide bat aurkitzeko asmotan, garai hartan eskorbutuaren sendabidetzat zituzten erremedioak bildu eta bere itsasontziko kideekin aurrera eraman zuen historiako lehen saiakuntza zientifikoa izan zena.

HSM Salisbury itsasontziko hamabi gaixo aukeratu zituen, guztiek ere sintoma berdinekin: hortzoi ustelak, azaleko orbanak eta ahulezia. Saiakuntza-taldeko kideak egoera berean egotea oso garrantzitsua da zientziaren ikuspuntutik, baita idatziz jaso izana ere bere A Treatise of the Scurvy (Eskorbutuari buruzko tratatua) liburuan. Gainera guztiak toki berdinean zeuden eta dieta bera zuten: "urarekin egindako ahia azukrez gozatua goizean; sarritan arkume freskoaren salda bazkaltzeko, beste batzuetan budinak, galleta egosia azukrearekin, etab.; afaltzeko, berriz, garagarra, mahaspasak, arroza eta andere-mahatsak, irina eta ardoa, edo antzekoak".

Armadako ontzietan sortu eritasunen aurka C bitamina onuragarria zela aurkitu zuten.

Aukeratutako hamabi gizon haiek sei bikotetan banatu zituen eta bikote bakoitzari sendagai ezberdina eman zion. Banaketa horretan, denak ez zuten zori berdina izan; lehenengo bikoteak egunero litro-erdi sagardo hartu behar zuen eta bigarrenak, berriz, baraurik eta egunean hirutan, 25 tanta bitriolo (azido sulfurikoa) elixirrarekin gargarak egin behar zituen. Nonbait, eskorbutua sendatzeko edozertarako prest zeuden, baina, aukeran jarriz gero, beraiek ere sagardoa edatea nahiago izango zutelakoan nago.

Hirugarren bikoteari egokitutako tratamendua arinagoa zen; horiek ere egunean hirutan eta baraurik hartu behar zuten beren sendagaia, baina bi koilarakada ozpin besterik ez zen. Hala ere, Linden esanetan atsekabetuenak egunero pinta-erdi bat (litro-laurdena baino gehixeago) itsasoko ura edan behar zutenak ziren. Argi dago, gustu-kontutan, bakoitzak berea duela, hurrengoak hartu behar izan zuena ikusita, itsasoko ura edateagatik arranguratzea ere...

Izan ere, bosgarren bikoteak ospitale batean egindako nahaste berezia hartu behar zuen; besteak beste, nahasteak baratxuria, ziape-haziak, tamarindoa eta kremor tartarikoa zituen (eta gure umeak eztularentzako xarabeak zapore txarra duela esango du gero!).

Azkenik, seigarren bikoteari egokitu zitzaion tratamendu onuragarriena, egunean bi laranja eta limoi bat jatera behartu baitzituen. Lindek idatzita utzi zuenez, biek ere gogo onez jaten zituzten, bai baraurik, baita sabela betearekin ere. Sei egun iraun zuen tratamenduak, denbora horretan laranjarik eta limoirik gabe gelditu zirelako itsasontzian.

Dena dela, esperimentuaren emaitzak oso adierazgarriak izan ziren: sagardoak neurri batean mesede egin bazien ere, zitrikoak jan zituztenak sumatu zuten hobekuntzarik nabarmenena, eta halaxe jaso zuen bere liburuan. Seigarren egunean artean gaixotasunaren zantzu batzuk azaltzen bazituzten ere, ekainaren 16an Plymouth-era iritsi zirenerako, bikoteko kidetako bat osasunez gainezka zegoen.

Lindek ez zekien C bitamina zer zen eta, are gutxiago, bitaminaren gabeziak gaixotasun hori nola eta zergatik sortzen zuen. Baina berak erabilitako logika eta metodoa orduko medikuntzan iraultza txiki bat izan ziren eta gerora zientzialariek urrats horiek egin dituzte beren ikerketetan. Hala ere, urte askotan Linden lana ez zen kontuan hartu eta Britainia Handiko itsasontzi guztietan zitrikoak eramateko agindu orokorra ez zen bera hil eta urtebetera arte eman. Geroztik, marinel britainiarrak "limey" ezizenez ezagutzen zituzten.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia