}

Ohiko antikoagulante bat minbiziaren aurka eraginkorra da saguetan

2001/03/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Heparina antikoagulante arrunta da eta asko erabiltzen da tronbosiak, enboliak eta infartuak tratatzeko. Orain, Zientzien Akademia Nazionalaren Proceedings aldizkarian argitaratu denez, hainbat minbizi-motari aurre egiteko ere eraginkorra izan daiteke.

60-70eko hamarkadetan, heparinak metastasia, hau da, minbizia gorputzeko beste tokietara zabaltzea, gelditzen zutela ikusi zuten arren, gizakiarekin probatu zutenean ez zuen emaitza onik eman. Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek froga horietan akats bat egon zela uste zuten, heparina ahotik ematen zitzaielako, beraz, beste proba batzuk egitea erabaki zuten.

Minbizi-zelulak jatorrizko tumoretik gorputzeko beste atal baterantz odolaren bidez doazela, odoleko plaketak minbizi-zelulen errezeptoreetan itsasten dira; horrela, antigorputzetatik babesten dituzten ezkutu bat eratzen dute.

Lubor Borsig ikertzaileak zuzendutako taldeak saguekin egin zuen saiakuntza eta heparina-dosi bakar bat emanda ere, hainbat aste pasatu ondoren, minbizi-zelulak nabarmen urritu zirela ikusi zuten. Horretaz gain, askoz ere metastasi gutxiago zuten.

Borsigek azaltzen duenez, ahotik hartzen diren antikoagulanteek ez bezala, zain barneko heparinak plaketak minbizi-zelulen errezeptoreetan itsastea eragozten du. Horri esker, gorputzeko defentsek minbizi-zelulak antzeman ditzakete eta horiei aurre egin.

Orain proba gehiago egin behar dira eta gizakietan lortzen diren emaitzak ikusi, baina minbiziaren aurkako borrokan beste urrats bat egin dela esan daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia