}

Norvegiako aditu talde batek baieztatu du mugikorrak eta wifi-sareak seguruak direla osasunerako

2012/09/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ez dago inolako frogarik esateko mugikorrek eta wifi-sareak kaltegarriak direla osasunerako. Hori ondorioztatu du Norvegiako Aditu Batzordeak, gobernuaren eskariz egindako ikerketaren emaitzak aztertuta.
norvegiako-aditu-talde-batek-baieztatu-du-mugikorr
Mugikorrak ez direla osasunerako arriskutsuak ondorioztatu du Norvegiako Aditu Batzordeak - Arg.

Azterketan, Aditu Batzordeak aintzat hartu ditu maiztasun txikiko erradiazio elektromagnetikoa igortzen duten teknologia ohikoenak, hau da, telefono mugikorrak, wifi-sareak, mugikorren antenak, ikus-entzunezkoen antenak eta beste komunikazio-tresnak. Horiek guztiek osasunean izan dezaketen eragina aztertzeaz gain, osasun-arriskuen kudeaketari eta araudiari buruzko aholkuak ere eman ditu Batzordeak.

Osasun-zerbitzuetako eta garraio eta komunikazioetako zenbait aditu eta ikertzailek osatu dute Batzordea, Jan Alexander Norvegiako Osasun Saileko zuzendari nagusiordearen zuzendaritzapean. Aurkeztu duten txostenak berrehun orri inguru ditu, baina laburpen bat ere argitaratu dute.

Edonola ere, gaiari buruz egin den ikerketa sakonenetakoa eta berriena da, eta aurretik beste ikerketa handiek esandakoa berretsi du, alegia, teknologia horiek osasunari kalte egiten diotela erakusten duen froga bakar bat ere ez dagoela. Are gehiago, txostenaren arabera, “zentzuzko ziurtasunez” esan daiteke tresna teknologiko horiek ez direla arriskutsuak osasunerako.

--> Uhin elektromagnetikoak: irudipenen eta frogen artean (Elhuyar aldizkaria, 260 zk, Gai nagusia)

Ez minbizirik, ez besterik

Ikerketa gehienak erradiazioa minbizi-eragilea ote den ikusteko egin dira, eta pertsonetan, animalietan, zeluletan eta baita DNAn ere aztertu da maiztasun txikiko erradiazio elektromagnetikoak duen eragina.

Akats metodologikoak zituzten hainbat ikerketa baztertu badituzte ere, kalitatezko ikerketa ugari aztertu dituzte, bai hazkunde azkarreko minbiziei buruzkoak (gliomak), bai hazkunde motelekoak (meningiomak, neuroma akustikoak). Ikerketen  fidagarritasuna eta kantitatea kontuan hartuta, Aditu Batzordeak uste du ez dagoela esaterik tresna horiek erabiltzeak minbizia izateko arriskua areagotzen duela. Gainera, nabarmendu du azterketa epidemiologikoek ez dutela erakusten minbizi-kasu gehiago dagoenik azken urteotan, nahiz eta mugikorren erabilera izugarri handitu den denbora-tarte horretan.

Ikerketetako batzuk oso luzeak dira (20 urtekoa da luzeena), eta beste batzuk haur eta gazteekin ere egin dituzte, eta inongo kasutan ez dute erlaziorik ikusi mugikorrak erabiltzearen eta minbiziaren artean.

Minbizi-arriskua ez ezik, ugalkortasun-arazoak, sistema endokrinoaren eta immunologikoaren asaldurak eta pazienteek uhin elektromagnetikoekin lotzen duten sintoma-multzoa (electromagnetic hipersensitivity deitu diote txostenean) aztertu dituzte. Horietan, ikerketak ez dira minbiziaren kasuan bezain ugariak, eta asko ahulagoak ere badira, baina, hala ere, ondorioa berdina da: ez da frogatu mugikorrek eta halakoek kalterik eragiten dutenik.

Horrenbestez, Aditu Batzordeak adierazi du “ziurgabetasun txikia” dagoela auzi honetan. Hau da, zalantza handirik gabe baiezta daiteke maiztasun txikiko uhin elektromagnetikoak igortzen dituzten tresna teknologikoak seguruak direla. 

Arauak eta gizartea

Bestalde, Aditu Batzordeak araudiak ere aztertu ditu, eta hor ere kezka guztiak uxatu ditu: batetik, ICNIRPk (Erradiazio Ez-ionizatzailetik Babesteko Nazioarteko Batzordeak) ezarritako segurtasun-mugak nahikoak direla iritzi diote, eta, bestetik, ikusi dute erradiazioa igortzen duten teknologiek potentzia baimendua baino askoz ere txikiagoa erabiltzen dutela. 

Hori kontuan izanda, Aditu Batzordearen ustez, ez da komenigarria mugak are gehiago zorroztea, horrek uhin elektromagnetikoekiko errezeloa handitzea ekar baitezake zenbait gizarte-taldetan. Horren ordez, uste dute hobe dela informazioa zabaltzea eta ondo kudeatzea arriskuen komunikazioa.

Esate baterako, zuhurtzia-printzipioa oinarri hartuta, ontzat jo dute gogoraraztea erradiazio-iturriarekiko distantzia handitzean asko gutxitzen dela eragina, eta, beraz, mugikorren erabiltzaileek askoz ere erradiazio txikiagoa jasoko luketela urrutiko mikrofonoa eta entzungailua erabilita, hori nahi izanez gero. Edo, antenen kasuan, esan dute estaldura ahula denean erradiazio handiagoa jasotzen dela; hortaz, hobe dela estaldura ona izateko behar adina antena jartzea, antena gutxi izatea baino.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia