Itziar Alkorta Idiakez,

None

Nork jartzen dio prezioa sendagaiari?


Botiken prezioa ez da farmaziako apal batean itsatsitako zenbaki hotz bat. Botika baten prezioan sartzen dira ikerketa, patenteak, arriskua, negozioa, estatuen negoziazio-indarra, itsas bideak, petrolioa, gerra eta, azkenean, gaixoaren gorputza bera. Eta prezioak erabakitzen du botika bat zein merkatutara helduko den lehenago eta norentzat izango den benetan eskuragarri; ez da gauza bera tratamendua existitzea eta tratamendua ordaindu ahal izatea, sektore publikoa barne.

Espainian medikamentuen lege berria mahai gainean dago; prezioak, hornidura eta generikoen erabilera berrantolatu nahi dira. Helburua, paperean behintzat, argia da: botikak ez tratatzea luxuzko produktu moduan, ondasun sozial moduan baizik. Baina kontuz: merkeago izatea ez da beti eskuragarriago izatea. Prezioa gehiegi estutzen bada, ekoizleak alde egin dezake. Farmaziako apala merke egongo da, baina hutsik.

Botiken prezioan gehien eragiten duen faktorea patentea da. Patentea aldi baterako monopolio bat da. Enpresa batek sendagai jakin bat ekoitzi eta saltzeko eskubide esklusiboa lortzen du urte batzuetarako, eta tarte horretan beste inork ezin du generikorik merkaturatu haren baimenik gabe. Sistemaren promesa ezaguna da: berrikuntza saritu, inbertsioa berreskuratu eta sendagai berriak bultzatu. Patentea amaitzen denean, magia gertatzen da. Ez magia artistikoa, magia ekonomikoa baizik: lehen patenteaz babestutako botikak ekoizteko aukera zabaltzen da eta prezioak amildu egiten dira. Botika bera, eragin terapeutiko bera, baina askoz merkeago. Orduan ohartzen gara prezio altuaren zati handi bat ez zela molekulan bertan bizi; lehiarik ezean baizik.

Eta hor agertu zaigu Ormuz. Estreinako begiratuan, petrolioari mugatutako auzia dirudi -itsasarte bat itxi, petrolioa garestitu, merkatuak urduri jarri-, baina botikak ere bide horien menpe daude. Itsasoz eta airez, hotz-kateetan mugitzen dira; lehengai kimikoak, printzipio aktiboak, ontziak eta logistika ere sendagaiaren parte dira. Golkoko herrialdeek farmazia-ekoizpenean eta banaketa-gune estrategikoetan gero eta pisu handiagoa duten honetan, hornidura-kate bat etetea ez da albiste ekonomiko hutsa; osasun publikoko alerta ere bada.

AEBetan ere botiken prezioen joko-taula mugitzen ari da. “Nazio faboratuenaren” ereduak Estatu Batuetako prezioak apaldu nahi ditu, beste herrialde aberatsetako prezio baxuagoekin alderatuz. Horrek domino-efektua sor dezake: farmazeutikek merkaturatzeak atzeratu ditzakete, herrialde merkeak zigortu edo deskontuak mozorrotu. Prezioa jaistea ona da; sarbidea galtzea berriz, ez.

Beraz, auzia ez da bakarrik botikak merkeago ala garestiago saldu behar diren, baizik eta berrikuntza nola ordaindu, pazienteei kalte egin gabe. Nire ustez, bidea hirukoitza da: prezio gardenagoak, ekoizpen eta hornidura publiko estrategikoagoa, eta patenteen erabilera zorrotzagoa, benetako berrikuntza saritzeko, ez monopolioa luzatzeko trikimailuak saritzeko.

Azken batean, botika baten prezioa ez da merkatuaren sekretu sakratua. Gizarte-itun bat da. Eta gizarte-itunetan, herritarrek galdetzeko eskubidea dute: zenbat balio du osasunak, eta nork bidaltzen du faktura?

Itziar Alkorta Idiakez,

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali