Nagore Martinez Merino Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako ikertzailea

“Nire ustez, ikerketak eraldaketarako tresna izan beharko luke”

2020/09/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Nagore Martinez Merino

Ikerketa ugari egin dira kirolaren eragina ezagutzeko, osasunaren ikuspegitik zein sozialetik. Hala ere, badaude aztertu gabeko ertzak, eta haietako bati erreparatu dio Nagore Martinez Merinok, bere doktore tesian: emakume presoak. 

Martinezek azaldu duenez, Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientziak ikasi zituen, eta beti pentsatu izan du kirolak baduela balio sozial bat eta eraldaketarako tresna izan daitekeela. “Hori sinestuta, erabaki genuen kirol-eskuartze bat egitea adin txikikoen zentro batean, uste genuelako kirola onuragarria izan zitekeela beren harremanetarako, ohituretarako… Lehen esperientzia horren ondoren, iruditu zitzaidan kirolak edo jarduera fisikoak eragin desberdina zeukala askatasun-egoeran eta askatasunik gabekoan. Hor sakontzeko, erabaki nuen tesia espetxean egitea, eta, gainera, emakumeekin, oso ikerketa gutxi baitaude haien gainean”. 

Ez zen erraza izan. Martinezen asmoa ikerketa espetxe barruan egitea bazen ere, ez zuelako horretarako baimenik lortu. Hortaz, literaturaren berrikuspen sistematiko bat egin zuen, eta kalera ateratzeko aukera zuten emakume presoak elkarrizketatu zituen, adibidez, hirugarren graduan zeudenak edo zigorra bete berria zutenak.

Hala ere, ez zuen atzera egin, interes handia baitzuen ikerketa hori egiteko, batez ere generoaren ikuspegitik: “Bai kirola, bai kartzela, biak dira oso androzentrikoak, eta horri nolabait aurre egiteko gogoa nuen”, esan du Martinezek.

Ikerketan, frogatu zuen kirola praktikatzen zutenek onurak nabaritzen zituztela: psikologikoak, sozialak eta fisikoak. “Beste bi aldagai ere detektatu ditugu, aurrera egiteko interesgarriak iruditu zaizkigunak”, azpimarratu du: “Bat da eraldaketarako balio duela: kondena hobeto eramateko, drogak uzteko, kartzelatik ateratakoan helduleku bat izateko… Eta bestea, mikroerresistentziarako tresna gisa erabiltzen dutela. Badakitenez espetxe-zaintzak kirola egitea ondo baloratzen duela, onurak lortzeko erabiltzen dute”.

Kirola edo ariketa fisikoa egitea onuragarria dela baieztatu duten arren, espetxeetan emakumeei ez zaie inolako erraztasunik ematen kirola egin dezaten; alderantziz baizik. “Edonola ere, ez dut kirolaren eragina erromantizatu nahi”, ohartarazi du Martinezek. “Espetxea espetxea da, eta kirola ez da panazea bat”.

Espero gabe, ikertzaile 

Tesia aurkeztu ondoren, doktoretza-ondorengoa egiteko asmoa zuen, bide horretan sakontzen joateko, droga kontsumitzen duten emakumeekin. Baina EHUn ordezkapenak egiteko aukera sortu zitzaion, eta irakasle aritu da Bilboko Hezkuntza Fakultatean. Orain berrartu da ikerketa, eta gogotsu dago. Hala ere, onartu du ikasketak hasi zituenean ez zuela espero ikertzaile izatea, inondik inora ere.

“Gogoratzen naiz graduko bigarren mailan Ikerketa ikasgaia genuela, baina ez nion kasurik egin. Aurrerago, baina, masterra egitean, ez neukan Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza egiteko gogorik, eta Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzien Ikerketa egitea erabaki nuen, baina ez hori nire bidea izango zela pentsatzen nuelako, baizik eta nire lanarekin bateragarria zelako, besterik gabe. Hor bi irakaslerekin topo egin nuen, EHUko Oidui Usabiaga eta Valentziako Unibertsitateko Daniel Martos, eta haien bitartez hasi nintzen emakume presoekin, master-amaierako lanean. Oso lan xumea izan zen, baina oso interesgarria, eta horrek piztu zidan jakin-mina eta ikertzen jarraitzeko gogoa.

Bestalde, nabarmendu du beretzat funtsezkoa dela ikerketa-taldearen laguntza eta babesa izatea, bestela oso gogorra egiten baita. Zorionez, giro ona du, eta gaiarekin ere interes handia duenez, jarraitzeko asmo betea du. Beti ere, ikerketa eraldaketarako tresna izateko helburuarekin.

 

Nagore Martinez Merino

Zarautzen jaio zen, 1990an. Jarduera Fisiko eta Kirol Zientzien lizentziatura, ikerketa masterra, eta doktoretza burutu ditu Euskal Herriko Unibertsitatean. Egun, Bilboko Hezkuntza Fakultateko Irakasle Atxikia eta Gizartea, Kirola eta Ariketa Fisikoa Ikerkuntza Taldeko (GIKAFIT) kidea da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia