}

Nanoteknologia: historiari hurbilketa bat

2000/11/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gailuak gero eta txikiagoak egitea aspaldiko erronka da. Gaur egun poltsikoetan eramaten ditugun asko ez ziren aspaldian etxe batean sartzeko modukoak. Erlojuen historia, esate baterako, oso adierazgarria da. XIV. mendean kanpandorreetako lehen erlojuak zabaldu ziren. Teknologiari begiratzen badiogu, ordea, duela 400 bat urteko esku-erlojuen tamaina harrigarria da. Ezagutzen den zaharrena Alemaniako Nurenberg hirian egin zen 1504. urtean. Baina XIX. mende arte ez zen erlojuak seriean egiteko modurik izan. Gaur egungo erloju txikienak ia ez dira ikusten eta txipen barrunbeetan gordeta egoten dira.

Teknokratek XX. mendea injeniarien mendetzat jo dezakete, dudarik gabe. Material berriek eta Fisikako kontzeptu berriek etekin oparoa eskaini dute ehun urte horietan. Eraikin erraldoien eta poltsikoan gordetzeko moduko garun artifizialen mendea da. Horrekin batera, gizartea ere horren isla izan da. Besteak beste, fikzioak zientziari begira izan du garapena neurri handi batean. Bonba atomikoaren beldurra eta bidaia espazialen lilura jaso eta barreiatu ditu.

Nanoteknologiaren jatorrizko ideia lehenengo aldiz Richard P. Feynman fisikariak, 1965. urteko Fisikako Nobel saridunak, aipatu zuen. Feynman-ek elektrodinamika kuantikoaren esparruan egiten zuen lan, baina biokimika ere izugarri zuen gogoko. 1959. urtean Kaliforniako Institutu Teknologikora joan zen hitzaldia ematera. Hitzaldi horren izenburua "Hor behean toki asko dago" (There is plenty of room at the botton) zen. Feynman-ek aipatu zuen makina handiak, beste makina txikiagoak egiteko gai direnak, egin daitezkeela. Makina horiek beste txikiago batzuk egiteko erabil daitezke eta abar. Hala, atomoak eta molekulak zuzenean maneiatzeko tresnak izango ditugu azkenean. Ideia berri hori azkar zabaldu zen fisikarien artean.

1966. urtean adibide polita kaleratu zen zinearen bitartez. Pelikula ospetsu batean ebakuntza medikoa egiteko itsaspeko oso bat txikitu eta odolean sartzen zioten gaixoari. Antzeko zerbait egiteko proiektuez hitz egin da aurtengo egunkarietan. Bidezkoa al zen hain makina txikiak egitea? Ideia polita izan arren, fikzioaren kontuak ziren.

Garai hartako fisikariak, ordea, partikula azpiatomikoekin lanean ari ziren. Nahiz eta burutazio teoriko asko asmatu, oso zailtzat jotzen zuten manipulazio mota hori eta, segituan, partikulen esperimentuetara itzuli ziren. Hala ere, hirurogeita hamarreko hamarkadan sortu ziren behar teknologikoek, ADNarekin zerikusia zutenek adibidez, nanoteknologiaren aitzindarien garapena jorratzea eskatzen zuten.

Ikerketaren eskutik, mekanika kuantikoak etekin berriak eman zituen eta 1981. urtean atomoak banaka mugi zitzakeen makina asmatu zen. Oinarri fisikoa tunel efektua zen, alegia, partikulek potentzial-langak zeharkatzeko duten ahalmen estatistikoa. Atomoak "ikusteko" gai den mikroskopioa garatu zen. Ez da hori gailu horren ahalmen bakarra, atomoak "harrapatu" eta mugitzeko ere erabil baitaiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia