}

Nahi adina antibiotiko

2000/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Europako Batasunean 10.000 tona antibiotiko erabiltzen dira urtero eta kopuru horren erdia animalientzat izaten da.

Antibiotiko batzuk ez dira erabat degradatzen gorputzean zehar igarotakoan eta hondakin-uren sistematara pasatzen dira, edo lurzoruan pila daitezke landetxeetako gorotzarekin batera, eta ibaietara ere hel daitezke. Batzuen ustez lurzoruan eta uretan pilatutako antibiotiko horiek zenbait gaixotasunek antibiotikoekiko garatu duten erresistentziaren eragile dira. Hala ere, ez dago ingurugirora ixuritako antibiotiko-kopurua mugatzen duen inolako legerik, ez nazionalik eta ez nazioartekorik.

Nazio Batuek esaten duten bakarra hau da: landetxeko hektarea bakoitzeko 7,5 gramo antibiotikotik gora pilatuta badago, ingurugiro-eraginari buruzko azterketa egin behar dela. Duela gutxi, ordea, muga hori 75 gramoraino igo dute. Albaitari eta zientzialari guztiak ez daude, noski, igoera horrekin ados. Ikerketa gutxi egin da, gainera.

Estatu Batuek aurkeztutako ikerketak, esaterako, ez zuen antibiotikoekiko erresistentziaren garapena barne hartzen. Baina frogarik izan ez arren, susmoa hor dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia