}

Metalez eginda ez dauden imanak

2001/10/18 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


Fulerenoak erabilita, giro-tenperaturan magnetikoak diren material organikoak egin dituzte.

Ohiko imanak metalezkoak dira, burdinaz edo burdina-oxidoaz egindakoak. Baina, aspaldidanik, zientzialariek atomo metalikorik behar ez duten material magnetikoak egin nahi izan dituzte. Material horiek, magnetikoak izanda, ez lirateke eroaleak izango; hainbat kasutarako, isolatzaile elektrikoa magnetikoa izatea oso erabilgarria izan daiteke. Bestalde, teorian behintzat, ohiko imanak baino arinagoak eta merkeagoak izango lirateke.

Urtetan, material ferromagnetikoen inguruko ikerketa asko garatu da. Lehen iman molekularra 1972an asmatu zuten. Iman horretan, atomoek beharrean, molekulek ematen diote magnetismoa materialari. 1986an p-orbitaletako elektroiek sortutako magnetismoa aurkitu zen, burdina zuen molekula organiko batean.

Handik aurrera, berezko magnetismoa duten molekula organikoak aurkitzen hasi ziren, baina oso egoera bitxian. Alde batetik, magnetismo hori oso tenperatura baxuan 'aktibatzen' da. Izan ere, orain arte aurkitutako iman organikorik onena 36 kelvinetaraino hoztu behar zen berezko magnetismoa eragiteko. Beste alde batetik, mota horretako materialetan sortzen den magnetismoa oso ahula da.

Nature aldizkarian, aste honetan, fulereno polimerizatuek berezko magnetismoa giro tenperaturan dutela argitaratu dute Marakova fisikari suediarraren taldekoek. Fisikari horiek tenperatura altuetan polimerizatutako C 60 -ak erabili dituzte. Oro har, molekula horiei elektroi bana gehitu behar zaie magnetismoa eragiteko, baina ikerketa horretan polimerizatzearen ondorioz lortu dute hori.

Hala eta guztiz ere, galdera asko gelditu dira erantzunik gabe. Adibidez, momentu magnetikoa nola sortzen den ez dago garbi. Egileek espekulazio batzuk kaleratu dituzte, baina ezin dute behin betiko azalpenik eman. Bestalde, oraindik oso magnetismo ahula lortzen da, material ferromagnetikoak duena baino ehun bat aldiz ahulagoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia