}

Mendebaldeko Niloko birusaren ahulguneak aurkitu nahian

2002/08/21 Elhuyar Zientzia

Mendebaldeko Niloko birusa arazo larria ari da bilakatzen Ipar Amerikan. Duela lau urte detektatu zen birusa kontinentean, eta ordutik etengabe ari da zabaltzen.

Mendebaldeko Niloko gaixotasuna txorien gaixotasuna da, eta eltxoen bidez transmititzen da txori batetik bestera. Baina kutsatuta dauden eltxoek gizakia ere zizta dezakete, eta ziztatutako pertsona batzuetan gaixotasuna gara daitekeela ikusi da. Kutsatutako pertsona guztiek ez dute gaixotasuna garatzen, ordea.

Orain, Frantziako Pasteur Institutuko birologo-talde batek gaixotasunarekiko erresistentzia ematen duen genea identifikatzea lortu du. Geneak OAS L1 edo oligoadenilasa sintetasa L1 entzima kodetzen du. Entzimak birusaren RNA desegiteko gaitasuna dauka, eta kutsatuta dauden zelulen heriotza bultzatzen du.

Aurkikuntza horrek gaixotasuna hedatzearen aurka egiteko bide berriak irekitzeko balioko duela esan dute zientzialariek.

Gaixotasunaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero,
egin klik hemen

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia