}

Matematika beltza

1987/02/01 Goñi, Jesus Mari Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kotxe baten barruan eta Urbieta kalean gora, Amaratik erdialdera datorrela, gizon serio bat ikusten da; gure historio honetako protagonista, Sasiletrau detektibea.

Donostian gaude. Urgul menditik behera begiratuz, paisaiak dutxa dirudi. Euria gogotik ari du. Haize leun eta epelak bultzaturik, urak kortina luze eta mehe bat ematen du. Hiria eszenategia da.

Euria, etxeak bustitzen baino gehiago grisez pintatzen ari da; bestelako egunetan nabarmenak diren diferentziak berdintzen, desegiten. Badirudi normalean baino gertuago, hurbilago, aurkitzen direla eguraldi tristeari aurre eginez.

Beherago, kalean dabilen jendeak ez du gora begiratzen; burumakur balkoiek eta teilatuen hegalek eskainitako estalpea bilatzen du. Aurpegi gehienetan, eguraldiaren tristurak sorterazten duen keinu barrurakoia ikus daiteke.

Kotxeak, berriz, gustora. Kolore metalizatuek giro honetan lortzen bait dute beren distirarik matizatuena, metalikoena. Horrelako kotxe baten barruan eta Urbieta kalean gora, Amaratik erdialdera datorrela, gizon serio bat ikusten da; gure historio honetako protagonista, Sasiletrau detektibea.

Sasiletrauren kotxea Bellas Artes antzokia izandako etxearen parean pasatzen denean, guanteran daukan irratiaren argi gorria piztu egin da eta horrekin batera txaketan daraman aparatu txiki baten alarmak soinu zorrotz bat zabaldu du.

    Bai, esan.
    Urbieta kaleko Gipuzkoako Aurrezki-Kutxaren bulegora bi gaizkile sartu dira. Armaturik daude.
    Bale, banoa. Ziur al zaudete bi direla?
    Horrela esan digute bertatik.
  • Bale. Hots egin informazio gehiago lortzen duzuenean.

Sasiletrauk kotxea azeleratu nahi duenerako, kale erdiko semaforoa laranja dago, eta etsi-etsian azeleradorea hondoraino zapaldu du. TAO-OTA zaintzeko egoten diren polizia urdin horietako batek txistua jo dio, baina Sasiletrauk kasorik egin gabe aurrera jarratiu du. Gizon gogorra da; arrisku guztietarako prest dagoen horietakoa.

San Martin kaleko semaforoa berde dago. Aurrean Aurrezki-Kutxaren bulegoa bere begiz ikus dezake jadanik. Horra! Bertatik bi pertsona ateratzen ikusi ditu. Ingurua segundo batez miatu ondoren, korrika hasi dira aurreko espaloian aurkitzen den Azoka aldera. Sasiletrauk kotxea kale erdian frenatu du. Segundoerdian zutik dago kanpoan eta beste erdian korrika ikusten du bere burua garraisi bizian. Gaizkileak harrapatu, harrapatu!.

Gaizkileek atzera begiratu ondoren, merkatuan ez sartzea erabaki dute eta espaloitik atera gabe Abenida aldera abiatu dira. Sasiletrau atzetik dute. Merkatu-etxea pasatu denean, bide berari jarraituz San Martzial kalea zeharkatu dute. Sasiletrau atzetik doakie, baina gertuago.

Espaloi berrira heldu ahala, topatu duten eskuineko lehen sotora sartu dira. Sasiletrauren aurpegian keinu ironikoa nabari da; nereak dira . Eskaileran gora arnas hotsa da iluntasunean bereizten den gauza bakarra. Piso bat, beste bat, Sasiletrau gaizkileengandik oso gertu dago; arnas hotsa eten egin da. Hirugarrenera sartu dira pentsatu du Sasik —horrela deitzen bait diote bere lagunek—, eta lehengo keinu ironikoaren ordez unerik zailenetarako gordetzen duen aurpegi difusoaren maskara ikusten zaio.

Pistola eskuan, gorputza aurrera eta pixka bat makurtua, atea kolpe batez ireki du. Pasiloaren eskuinaldean argia ikusten da eta idazmakinen zarata intermitentea entzuten. Pasiloaren izkina atzean utzita, argia eta zatara hobeto heltzen dira. Gela batetik datoz.

Salto batez, pistola bi eskuez helduta, Sasi gelaren atarian dago. Burua altxa, eta begiek ikusten dutena ezin du sinetsi: bertan hiru dira makinaz idazten dihardutenak.

Handik ordu batzuetara hiru pertsona horiek eta Sasiletrau detektibea argi bakarra eta txikia duen beste gela batean aurkitzen dira. Gaizkileek gezurra esan ohi dute —pentsatu du Sasik—. Ezer izkutatzekorik ez dutenak, berriz, egiazaleak dira .

Inspirazio-izpi honetan oinarriturik, bere argumentazioan segitu du, baina hiru hauetako bat gaizkilea ez denez, egiazale bakarra dago hirukote honetan. Ebidente Klemente.

Deteniturik aurkitzen den batengana hurbildu da gure detektibe ausarta eta bi aldiz pentsatu gabe zera galdetu dio:

    Zu al zara gaizkiletako bat?
  • Ez jauna. Ni ez naiz gaizkile zoro horietakoa. Zinez esaten dizut.

Sasik despistatua ikusten du bere burua. Gezurra bada?, eta egia bada?. Nola jakin?

Bigarrengoarengana doa eta ahots nekatu, opako, batez:

  • Froga iezadazu zu ez zarela gaizkiletako bat, —bota dio aurpegira. Honek, isiltasun mingarriz erantzun dio.

Hirugarrenarengana doa eta galdera berdina luzatu dio. Honek azkar asko erantzun du:

  • Ni izan banaiz, beste horiek ez dira izan. Tontoa ez bazara ipuina bukatu da.

Bai, bukatu da.

Bi galdera: Zer izen du gaizkileek gordetzeko aukeratu zuten erakunde famatu eta ohoredunak?

Nola bereizi zituen hirukotean Sasik gaizkileak?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia