}

Lurraren neurrikoa bai, baina...

2011/01/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Kepler teleskopioaren laguntzarekin, Lurraren antzeko neurria duen lehen exoplaneta aurkitu dute. Orain arte detektatutakoak gutxienez Neptunoren neurrikoak dira, eta ia denak gasezko exoplaneta erraldoiak dira. Horregatik, ikerketan parte hartu duen astronomoek "mugarritzat" jo dute aurkikuntza.

Kepler-10b deitu diote exoplaneta berriari. Eguzki-sistematik nahiko hurbil dago, 560 argi-urtera, eta Lurra baino % 40 aldiz handiagoa da. Haren dentsitatea, berriz, lurrarena baino 1,6 aldiz handiagoa da; hortaz, oso litekeena da arrokatsua izatea.

Alabaina, hor bukatzen dira parekotasun nagusiak. Izan ere, halakoetan berehala aipatzen da bizia izateko aukera, eta, oraingo honetan, zalantzarik gabe baztertu dute aukera hori, exoplaneta bere eguzkitik hurbilegi baitago bizia hartzeko: 2,5 kilometrora dago, Lurra eta Eguzkiaren arteko tartearen % 2ko distantziara. Horregatik, arrokatsua baino gehiago, laba-itxurakoa da exoplanetaren azala.

Dena dela, astronomoek ez dute etsitzen, eta Lurraren antzeko exoplaneten bila jarraitzen dute. Hain zuzen ere, Keplerrek detektatutako beste 400 exoplaneten berri emango dute datorren hilean. Haien artean egongo ote da bizia izateko hautagia?

Irudia: NASA

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia