Listu-tanta bakar baten kutsatzeko ahalmena aztertu dute

2022/06/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Listu-tanta baten lurruntze-prozesuak eragin zuzena du transmisio-ahalmenean, eta hiru dira lurruntzean eragiten duten faktoreak: tenperatura, hezetasuna eta tantaren tamainaren. Horixe aztertu dute EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika saileko ikertzaileek, tanta bakar baten portaera ikertuta, simulazio bidez, ingurune-ezaugarri desberdinetan. Scientifics Reports aldizkarian argitaratu dute lana, eta, haien esanean, ikerketa lagungarria izan daiteke erabakiak hartzeko COVID-19-aren eta antzeko izurrietan.

Birus baten transmisio-ahalmena da gaixotasun infekziosoak aztertzeko kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsuenetariko bat. Arnasbideetako tantaxken bitartez transmititzen direnetan, transmisioa tanten lurruntzearen araberakoa da. Hala, ikertzaileek jakin nahi izan dute zein den listu-partikula baten portaera, ingurumen-ezaugarri desberdinetan.

Horretarako, fluidoen dinamikan oinarritutako simulazio konputazional bat garatu dute. Simulazioa egiteko, eremu itxi bateko partikula bakar baten azterketan oinarritu gara. Horretarako, 0 eta 100 mikra bitarteko tantak jaurti dituzte (5 mikratik beherakoei aerosol deitzen zaie), 1,6 metroko altueratik, eta hiru parametro hartu dituzte kontuan: tenperatura, hezetasuna eta tantaren tamaina.

Emaitzen arabera, giro-tenperaturak eta hezetasun erlatiboak nabarmen eragiten diote lurruntzeari. Lurruntze-denbora handiagoa da giro-tenperatura txikiagoa denean, tantaren diametroa handia denean, eta hezetasun handia dagoenean. Adibidez, ikusi dute 100 mikra inguruko partikula handi batzuk 60-70 segundo egon daitezkeela airean, eta litekeena dela distantzia handiagora garraiatzea. Hortaz, badirudi, COVID-19aren kasuan, zentzuzkoa dela bi metroko segurtasun-distantzia uztea, transmisio-arriskua txikitzeko.

Ikertzaileek argi utzi dute oinarrizko ikerketa dela; etorkizunean egoera askoz konplexuagoak aztertzeko lehen pausoa.