Elhuyar zientziaren komunikazioa

Lau dira, lau

1987/08/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Uda partean gaude eta hau izaten da bidaiak eta txangoak egiteko urteko garairik egokiena. Egun luzeek eta eguraldi epelak leku eta inguru berriak ezagutzeko parada ezinhobea ematen digute. Gainera edonondik inguratzen gaituen natura oparo egoten da urte-sasoi honetan. Euskal Herriak bazter zoragarri eta paregabeak eskaintzen dizkigu naturzaleoi. Horietako lau ekarri ditugu gure orrialdeetara eta bertara joateko proposamena egiten dizugu. Laurek badute ezaugarri amankomun bat: URA.

KAKUETA: URA ARTISAU BILAKATU DA

Kakuetako arroilan sartzen denak jasotzen duen lehenengo inpresioa, freskotasuna da. Uraren burrunbaz konturatuko zara ondoren eta azkenik hezetasun ikaragarriak eratutako landaredi berde-trinkoak liluratuko zaitu. Bidezidorretik aurrera egiten duzun heinean giroak bere baitan harrapatuko zaitu eta laster baino lehenago zeure burua uraren, arroken eta berdearen osagai seintituko duzu.

Kakuetako arroila Zuberoan dago eta Ehujarre eta Holtzarteko arroilekin batera Euskal Herriko mendi-bazterrik ederrenetakoa osatzen du. Bertara iristea ez da zaila. Atarratzera iritsita, Larraineko bidea hartu behar da eta Ligi pasata ezkerrera Santa Garazira daraman aldapari eutsi eta Euskal Herrian ekialdeen dagoen herrira iritsi baino hiru kilometro lehenago Kakueta daukazu. Sarrerak balio dituen 10 liberak ordaintzeak merezi du!

Argazkiak: Inaki Irazabalbeitia

PITILLAS: HEGAZTIEN PARADISUA

Kakuetan berdea zen nagusi; Pitillasen ordea, horia da nagusi. Uda ez da akaso Pitillasera joateko sasoirik egokiena. Udako beroak udaberriko kolore berdeak horitu egin ditu, eta ale emankorrez betetako buruak, soroak instant batean garbitzen dituen uztagailuak bildu ditu dagoeneko. Eguerdiko beroan aintzira-mirotza aire-korronteez baliatzen da gora egiteko eta harrapakinak gutxien espero duenean gainera jausten zaio atzapar zorrotzek haren haragia urratzen dutelarik.

Neguan aitzitik, puri-purian dago Pitillaseko aintzira. Iparraldetik bero bila jaitsitako hegaztiek ur eta zerua estaltzen dituzte. Ahateak, antzarrak, murgilariak, koartzak eta abar ugari dira neguan, eta haien garrasiek etengabe urratzen duten isiltasuna.

Pitillaseko aintzirara joateko bideak galbiderik ez du. Iruñeatik Tuterara doan errepidea hartu eta Herriberri pasa eta 8 km-ra Pitillas herriko bidegurutzea ikusiko duzu. Aintzira Pitillas herria pasa eta gero dago.

(Argazkiak: Inaki Irazabalbeitia eta I. Elosegi).

ARTIKUTZA: LASAITASUNA

Urtegira doazen erreketa bat.
Inaki Irazabalbeitia

Artikutza zer den ederki asko ezagutzen dugu donostiarrok; garai batean Donostiako edateko ur guztia bertako urtegitik ekartzen bait zen. Orain Ainarbeko urtegia eraikia izan ondoren, Artikutza haren osagarri bilakatu da. Lasaitasuna da Artikutzaren ezaugarria. Biziak beste erritmo bat du bertan.

Oiartzungo Ugaldetxon gora Bianditzeko leporako bidea hartu behar da. Aldapa jarrai eta etengabean paisaia ikusgarriaz gozatzeko parada izango duzu. Donostia, Jaizkibel, Aiako Harria eta Txingudi badia zure begien aurrean agertuko dira, eta lepoa gainditu ondoren BASOA. Aldapan behera bostehunen bat metro egin ondoren, Goarda-etxearekin egingo duzu topo. Hori gaindiezinezko muga izango da, baldin eta Donostiako udaletxeko Ur-Zerbitzuan baimenik lortu ez baduzu. Bestela, langa zabaldu eta lasaitasunaren erreinura sartuko zara.

Argazkiak: I. Elosegi eta Inaki Irazabalbeitia

ARBAIUN: MENDETAKO LANA

Inaki Irazabalbeitia

Zaraitzu ibaiak milaka urtetan egindako lanaren fruitu da Arbaiuneko arroila. Ehiza-babesgune hau 11,46 hektaeratan zabaltzen da eta bazter zoragarriak ditu ezkutuan. Fauna eta landaredia ikusgarriak dira gainera.

Irunberritik Otsagirako bidean Isogaina igaro eta berehala duzu Arbaiun. Arbaiunera bazoaz, eramazu Martxel Aizpuraren "Arbaiun, gida-liburua" izenekoa; oso baliagarria gertatuko zaizu eta.

(Argazkia: Inaki Irazabalbeitia).

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia