}

Landare haragijaleak

2000/11/05 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Estatu Batuetatik urruti samar bizi arren, askotan hango gorabeheren oihartzunari ezin izaten zaio ihesik egin, ezentzunarena eginda ere. Ba al dakizu, besteak beste, zer jarri den orain modan? Landareak, landare haragijaleak. Berria bitxia bada, beharbada ez bitxi-bitxi horietakoa, baina interesa pizteko behintzat balio du. Izan ere, nork daki zerbait landare haragijaleei buruz?

Landare haragijaleek izaki bizidunak erakarri, harrapatu eta irentsi egiten dituzte. Etxean edukitzekotan, horrelako landareak etxe barruan eduki behar dira, tenperatura- eta hezetasun-baldintza estuak behar baitituzte bizi ahal izateko. Adituen arabera, landare haragijaleak gustuen berotegietan egoten dira.

Landare haragijaleak intsektu txikiak jatetik bizi dira, eta ez kasualitatez. Izan ere, ez dago energiarik gabe dabilen makinarik. Izaki gehienek ¾guztiek ez esateagatik¾ Eguzkitik hartzen dute behar duten energia. Landareak ere, bizitza sortu ahal izateko eta bizi ahal izateko, energia horretaz baliatzen dira, Eguzkiaren argi-energiaz alegia. Fotosintesi-prozesuaren bidez, landareek aireko karbono dioxidoa materia organiko bihurtzen dute. Landareetan biltzen den energia hori ¾dagoeneko karbohidrato, proteina, lipido… eran¾ beren lana osatzeko erabiltzen dute. Gainerako elikagaiak ¾mineralak, ez-organikoak¾ lurretik ateratzen dituzte. Lurra pobrea denean, landareak behar dituen elikagairik ez duenean, landareak ezin du bizitza-zikloa osatu, eta hil egiten da. Landare haragijaleak horrelako egoeran hazi behar izaten dute.

Naturan, horrelako landareak gehienetan aintzira-guneetan sortzen dira. Aintziretako lurra berez pobre samarra izaten da, nitrogeno gutxi izaten du, eta soilik hartaz baliatuta landareek ezin izaten dute bizi ahal izateko behar-beharrezko dituzten proteina guztiak ekoitzi. Beraz, haragijaleak eboluzioan egoera horretara egokitu beharrean izan dira. Proteinak lortu ahal izateko, haragia jatea baino irtenbide hoberik ez dute aurkitu; hau da: intsektuak, krustazeoak, araknidoak eta abar. Dena den, intsektu txikiak jaten dituzten landareak lurra aberatsa den tokietan sortzen badira, gai dira bizitza-zikloa intsektuak jan gabe osatzeko.

Janaria lortzeko, landare haragijaleek teknika ugari erabiltzen dituzte. Ehizarako batzuk kolore erakargarriez baliatzen dira, beste batzuk usainaz, badira janaria itsasten den substantzien bidez lortzen dutenak, eta abar. Gehienetan oso mugimendu moteleko landareak izaten dira, baina badira salbuespenak. Utricalaria generoko landareak, adibidez, oso bizkorrak dira, intsektuak segundo batetik beherako denboran harrapa ditzakete. Landare haragijaleak bost kontinenteetan aurkitzen dira, baina batez ere toki hezeetan. Dena den, lehorguneetan ere aurki daitezke. Esate baterako, Drosophyllum Lusitamicum landarea toki lehorretan hazten da, eta sustraiak lurpean zehar barreiatzen ditu behar duen ura lortu ahal izateko. Salbuespenak salbuespen, landare haragijaleentzat ura ezinbestekoa da. Ez edozein ur gainera! Zientzia-fikziozko filmetan ikusitakoagatik bestelakorik pentsa badaiteke ere, landare hauek oso sentikorrak dira. Hortaz, ur garbi-garbia behar dute, naturala, klororik ez duena.

Landare haragijaleetatik ezagunena, beharbada, Dionea generokoak izan daitezke. Landare hauek hezeguneetan hazten da. Bere hostoen ertzean masailezurren antzeko egitura osatzen duten iletxoak dituzte. Izakiren batek iletxo horietakoren bat ukitzen duenean, landarearen hostoak itxi egiten dira, eta barruan dagoena harrapatu egiten du. Une horretan landarea jaten hasten da, zukuak askatzen ditu eta digestioa egiten du. Hostoak digestioa bukatu eta gero irekitzen dira berriro, pare bat aste pasa eta gero. Harrapatzen dituzten intsektuez gain, Dionea generoko landareek beste gauza batzuk ere jan ditzakete, gazta, arrautza zuringoa edo eta okela zati txikitxoak adibidez, baina digeritu ezin dituen jakirik ez du hartuko. Harrapatu harrapatuko ditu, baina askatu ere berehala askatzen ditu. 3-4 aldiz jan eta gero, hosto harrapakaria moteldu egiten da.

Dionea generoko landareak sekulako arrakasta dute landareak maitatzen dituztenen artean, eta modan dagoenik badago, horiek Dioneak dira. Bulbo txiki-txikiak direla saltzen dituzte eta zohikatz fin-finean landatu behar dira. Landarea gustura egon dadin, tenperatura beti 10 eta 30 gradu zentigraduren artekoa izan behar da. Ur asko eman behar zaio Dioneari, baina kloratutako urik ez. Ahal dela euri-ura erabili behar da, baina ezin denean destilatua ere erabil daiteke. Argia ere erruz behar dute Dioneek. Horregatik eguzki-galdatan ere jar daiteke, baina kontuan hartu behar da ez zaiola komeni 37 gradutik gorako tenperaturarik. Dioneen loreak abenduan irteten dira. Izar-itxura dute eta bost petalo zuri izaten dituzte. Eguzkitan jarriz gero, hostoen barrualdea gorri-gorri jartzen zaie. Hostorik zaharrenak udazkena iristearekin batera belztu egiten dira. Irudimenak landare-haragijale erraldoiak sortu ditu, animaliak zein gizakiak jateko gai diren landare gosetiak. Baina ez dago zertan kezkatu beharrrik, dendara joan eta lasai eros dezakezu Dionearen bat edo beste landare haragijaleren bat, erraldoi horietakorik ez baitago errealitatean.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia