Labore transgenikoen hedapena, geldiezina
2005/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bioteknologiak nekazaritzan duen aplikazioez arduratzen den erakundeak, ISAAAk, jarraipena egiten die labore transgenikoei. Berriki, iazko datuak jaso dituzte, eta poz-pozik daude, 2003an landatu zen azalera baino % 20 landatu dutelako 2004an. Dagoeneko 81 milioi hektarea daude landatuta transgenikoekin.
Hektarea horiek zenbat nekazarik landatu dituzten ere kalkulatu dute, eta 8,25 bat milioi direla uste dute, 2003an baino 1,25 milioi gehiago. Nekazari horietatik % 90 garatze-bidean dauden herrialdetakoak direla ere jakin dute. Hain zuzen, transgenikoei emandako azalera gehiago handitu da garatze-bidean dauden herrialdeetan garatutakoetan baino, eta hori gertatzen den lehenengo aldia da. Zehazki, garatze-bidean daudenetan 7,2 milioi hektarea gehiago landatu dira transgenikoekin, eta garatutakoetan, berriz, 6,1 milioi hektarea.
ISAAA erakundeko lehendakariaren arabera, horrek frogatzen du baliabide gutxi dituzten nekazariak jabetu direla transgenikoak benetan onuragarriak direla. Izan ere, konturatu dira onurak ez direla ekonomikoak bakarrik; gizarterako, ingurumenerako eta osasunerako ere onak direla ikusi omen dute. Bide batez, lehendakariak onartu du horretan zerikusi handia izan dutela gobernuek emandako laguntzek.
Bestetik, landare transgenikoekin 50.000 hektarea baino gehiago landatuta dituzten herrialde-kopurua 10etik 14ra igo da 2004an, lehengoez gain Paraguay, Mexiko, Filipinak eta Espainia sartu baitira `herrialde megaekoizleen taldean´. Talde horren buruan AEB dago, munduan ekoizten diren transgeniko guztien % 58 han egiten baita; gero Argentina dator, % 20rekin; atzetik, Kanada eta Brasil % 6narekin, Txina %5ekin, Paraguay % 2rekin, India eta Errepublika Hegoafrikarra % 1ekin daude; eta azkenik Mexiko, Espainia, Filipinak, Uruguay, Australia eta Errumania daude `herrialde megaekoizleen taldean´.
Zerrenda begiratuta, nabarmentzen da Europako Batasuneko herrialde bakarra dagoela talde horretan, Espainia, hain juxtu. 2003ko datuekin alderatuta, Espainiak % 80 handitu du labore transgenikoei emandako azalera. Gaur egun, 58.000 hektarea hartzen dituzte Bt artoaren soroek. ISAAA erakundearen ustez, badirudi Europako herrialdeen jarrera aldatzen ari dela, eta, Espainian gertatu den bezala, beste herrialdeetan ere gero eta transgeniko gehiago landatuko dela espero du.
ISAAAkoak, beraz, itxaropentsu daude. Orain, Txinan Bt arroza landatzeko baimenaren zain daude. Hori lortuz gero eragina ikaragarria izango delakoan daude. Antza denez, talde ekologista asko aurka egon arren, landare transgenikoen erabilera hedatzen ari da mundu osoan, eta oraingoz ez dirudi atzera egingo duenik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia