Kokainak izokinen mugimenduan nola eragiten duen ikertu dute Australian. Griffitheko Unibertsitateak gidatu du ikerketa, eta frogatu dute gizakion kontsumoaren ondorioz habitat naturalera iristen den kokainaren metabolitoak eragin zuzena duela izokinen mugimenduan, eta, beraz, haien portaeran.
Lehendik ere, ikerketa ugarik erakusten zuten kokainak gizakien antzeko ondorioak dituela animalien portaeran, arrainetan barne. Oraingoan, baina, habitat naturalean benetan daukan eragina aztertu nahi izan dute. Horretarako, batetik, kokainaren metabolitoaren (benzoilekgoina) kontzentrazioak neurtu dituzte izokinetan, eta, bestetik, jarraipena egin diete izokinen mugimenduei.
«metabolitoaren eragina kokainak berak duena baino are nabarmenagoa da»
Benzoilekgoina txizaren bidez kanporatzen da gorputzetik, eta estoldetako uretan iristen da ingurune naturalera. Izan ere, araztegiak ez daude prestatuta konposatu horiek garbitzeko. Bada, metabolitoaren eraginpean zeuden arrainek kontrol-taldekoak baino ia bi aldiz gehiago urrutiratzen ziren igerian. Eragin hori kokainak berak duena baino are nabarmenagoa da.
Gehiago mugitzeak eta urrunago joateak ondorioak ditu elikaduran, predatzaileekin topo egiteko arriskuan, eta kideen arteko elkarrekintzan. Horrez gain, ikertzaileek gogorarazi dute izokinek lehendik ere klima-aldaketaren ondorioak jasaten ari direla, eta, beraz, horrelako estresatzaileek kalte are handiagoa egiten dietela.
«estrategia integral baten alde egin dute, kutsadura-mota hori eragozteko»
Bestalde, argitu dute segurua dela arrain horiek jatea; hau da, haietan neurtutako kontzentrazioek ez dutela ondoriorik gizakietan. Bukatzeko, ohartarazi dute, kokaina ez ezik, ingurunera beste farmako eta substantzia psikoaktibo asko iristen direla, eta estrategia integral baten alde egin dute, kutsadura-mota hori eragozteko.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



