Kokainaren kontsumoa: zertan da egoera gaur egun?
1991/07/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Maradonaren kasuak mundu osoan sortu duen eskandaluak aukera ematen digu, berriro ere, gai hau tratatzeko: kokainaren kontsumoaz milioika pertsonek egiten duten usua eta abusua batetik, eta geure ikuspegitik fenomeno honek dituen ondorio mediko larriak bestetik.
Hasiera batean kokaina aberats eta ospetsuen droga bezala aurkezten bazen ere, gaur egun talde sozioekonomiko guztietako pertsonek kontsumitzen dute. Kokaina-kontsumitzaile asko exekutibo, saltzaile, negozio-gizon (eta emakume) edota profesionalak dira, baina droga hau gero eta hedatzenago dago beheko talde sozioekonomikoetan.
Adoleszentzia bitartean kokaina gehiegi hartzea nahikoa usu ari da gertatzen. 1975etik 1983ra bitartean kokaina hartzen zutela onartu zuten eskolumeen (eta ez hain umeen) kopurua adibidez, bikoiztu egin da ia: %9tik % 17raino igo da. Eta horietatik %3k inkesta egin aurreko hilabetean kokaina egunero kontsumitu zutela aitortu zuten. (Inkesta hau Estatu Batuetan egin zen, New York-en, eta beraz datu horiek ezin dira gure artera zuzenean estrapolatu, baina pentsatzekoa da kokaina kontsumitzen hasteko adina Euskal Herrian ere dezente jaitsi dela).
Zaila da jolas moduan (?) kokaina kontsumitzen hasten direnetatik ondoren droga erregularki hartzera eta berekiko dependentzia izatera zein pasatuko den aurresatea: kontsumitzailearen pertsonalitate edo nortasuna, administrazio-modua, drogaren potentzia, eskuratzeko erraztasuna eta beste hainbat faktore arrisku potentzialak dira. Drogarekiko esposizioa (hau da, noizbehinkako kontsumoa) da arrisku-faktore primarioa.
Inkestek diotenez, esperimentatzaileen multzo handi honetatik % 20-25 dira, gutxienez, kontsumitzaile erregular bihurtzen direnak. Baina azken finean drogadikto zein bihurtuko den aurresaterik ez dagoenez, droga hartzen duen edonor arriskutan dagoela kontsideratu behar litzateke.
Eragin farmakologikoak
Kokainak efektu farmakologiko anitz eragiten ditu; oso desberdinak. Droga oso herrikoi bihurtu da nerbio-sistema zentralean sortzen duen hiper-estimulazioagatik (euforia, aditasuna, konfidantza eta botere-sentsazioa). Kontsumitzaileak ongi sentitzen dira, oso hiztun, indartsu, eraginkor eta autokonfidantza handiz. Aldaketa horiek, baina, gutxi irauten dute (10-30 minutu), eta dosiak behin eta berriz hartu behar dira efektuak luzaro mantendu nahi badira. NSZean eragindako efektu horiek kokainak neurotransmisoreen gain (dopamina edo norepinefrinaren gain, adibidez) dituen efektu bortitzei zor zaizkie. Kokaina, bestalde, baso-konstriktorea da, tentsio arteriala igo eta takikardia sorterazten du. Bihotzeko arritmiak eta arnas erritmoa bizkortzea ere sor ditzake kokainak.
Kokainaren kontsumo kronikoak aldaketa fisiko nahiz psikologikoak dakartza. Arestian aipatutako eragin kardiobaskular berehalakoez gain, ikerketek diotenez kontsumitzaile kronikoen % 15 inguruko konbultsioak jasan dituzte (kokainarekin erlazionatutakoak). Kontsumitzaileak, beren ohizko kokaina-dosiaren faltan, sumindu egiten dira, beren adorea eta animo-egoera moteldu egiten da, kemenik gabe daude, lokartzeko zailtasunak dauzkate eta droga kontsumitzeko irrika bizia. Sintoma deseroso eta ezatsegin guzti horiek kokainak bapatean arintzen dituenez, normalean behin eta berriz kontsumitzen da, eta oso zaila da katea hori etetea, kronikoki kontsumitzen aritu ondoren.
Kokaina-abstinentziak sintoma fisiko arinak besterik sorterazten ez dituen arren (bestelako droga eta substantziekin konparatuz batez ere), eragin psikologikoengatik agian, droga-premia gogorrarekin batera abstinentzi fasearen lehen etapak oso gogorrak izaten dira. Ohizko adiktoak lagunekin erlazionatzeko erabiltzen du droga, jateko, harreman sexualak edukitzeko edo baita lo egiteko ere. Usu dira pisu-galera, laneko errendimendu eskasagoa eta pertsonarteko harreman-zailtasunak.
Administrazio-bideak
Kokaina odol-korrontera isuri edo iristeko teknikak asko dira; dezente erabiliak gainera. Azkar sartzea (odolera iristea) eta lortutako maila serikoa (odoleko kokaina-maila) garrantzi handikoak dira, bai igoeran eta baita adikzioaren sorreran ere.
Urtetan kokaina inhalatu egin da, esnifatu, sudurreko mukosan zehar zurgatuz. Metodo honekin lortzen den maila serikoa nahikoa baxua da, drogaren eragin basokonstriktoreak zurgapena mugatzen duelako. Inhalazioak sudur-trenkada zulatu egin dezake kontsumitzaile kronikoengan (basokonstrikzio luzeak eta luzaro irauten duenak ekar dezakeen nekrosi iskemikoagatik).
Benabarnetik kokainak oso azkar lortzen du bere efektua, eta odolean lor daitezkeen kokaina-mailak oso altuak dira. Kokainaren BB administrazioak, bide honetatik drogak hartzen dituztenen ohizko konplikazioetako edozein ekar dezake (endokarditisak, abszesuak, septizemia, hepatitisak, HIES, etab.)
Azken urteotan kokaina-orea erretzeak posible egin die kontsumitzaileei alkaloide-kontzentrazio altuak inhalatzea eta biriketan berehala zurgatuko da odol-zirkulaziora. Horrela kontsumituz gero, kokainaren eragina snifatuz hartuta baino gogorragoa da; BB injekzioarekin lortutakoen antzekoak ia. Dena den, horrela kontsumitu ahal izateko parafernalia berezia behar da, inhalatu aurretik kokaina erauzi, berotu eta lurrintzeko.
Crack
izenaz merkaturatu da droga-mundu honetako azken berrikuntza (agian besteren bat ere kaleratu da jadanik). Elhuyar. Zientzia eta Teknika 35. alean luze aztertu zen gai hau. Beraz hara jo dezake interesa duen irakurleak.
Crack
delakoa kokaina-oinarria da, erretzeko prest dagoena, ontziki txikitan sartua. Hasiera batean kokaina purua zela uste arren, oraindik ez dira adulteratzaile guztiak eliminatu eta horrek arriskuak ditu. Cracka dagoen-dagoenean erre daiteke eta eraginak azkarrak dira, baina iraupen laburrekoak (5-10 minutu). Ondoren beherakada dator, suminkortasuna, asaldura eta kokaina-premiarekin, eta hori ebitatzeko kontsumitzailerik gehienek droga-dosia berriz hartuko dute. Behin eta berriro erretzeak sintoma depresibo eta paranoikoak sor ditzake; aurrikus ezin daitezkeen bulkada eta jokabideak, eta zenbait kasutan baita suizidioa ere.
Tratamendua
Kokaina-adikzioaren tratamendua anbulategian egin daiteke edota gaixoa ospitaleratuta. Kokainak (alkoholak edo heroinak ez bezala) adikzio fisiko graberik sortzen ez duenez, kontsumoa bapatean eteteak ez dauka ondorio larririk ikuspegi medikotik. Horregatik, kokainaren kasuan ez dago desintoxikatzeko erregimen gradual eta ongi finkaturik. Dena den, behar-beharrezkoa da inolako tratamendu-motari ekin aurrez pazientearen ebaluazio mediko eta psikiatriko zehatza egitea.
Tratamenduaren helburuek espezifikoak eta erabili beharreko metodoek indibidualizatuak izan behar duten arren, tratamendua egiten deneko lekua edozein dela ere badira garrantzi handia duten arau edo printzipio orokor batzuk, emaitza gogobetekoak lortu nahi badira:
- Lehenik, pazienteak kokaina erabat utzi behar du. Berriro ere droga sozialki erabiltzeko intentzioa duten pazienteek porrot egiten dute eta laster beren lehengo adikzio-mailara bueltatu ohi dira. Kokaina erabat utzi ordez gutxiago hartuko duela esaten duena, ez da benetan jokatzen ari; ez bait du kokainaren adikzioak berekin duen igoera kontutan hartzen.
- Bigarrenik, pazienteek ez dute alkoholik, marihuanarik edo bestelako drogarik hartu behar. Normalean, beste drogaren bat erabiliko zuen pazienteak kokainatik jaisteko, eta harekin segitu nahiko du. Hori ebitatu beharra dago, kosta ahala kosta.
- Hirugarrenik, pazienteek beren baimena eman beharra daukate droga ez-legezko edo ez-zilegien kontsumoa aztertu asmoz aldian behin kontrolatu eta gainbegiratzeko. Puntu hau berdin aplikatuko zaie paziente ospitaleratuei nahiz anbulategikoei.
Tratamendua, dena den, epe luzerako prozesua da, dela ospitaleratutako gaixoentzat, dela anbulategiko pazienteentzat.
Ondorio gisa
Merkatuan gero eta kokaina-forma potenteagoak eskura daitezkeen neurrian, handiagotuz joan da atxekitako pertsona-kopurua. Guztiok (pertsonal sanitarioak batipat) kokaina-adikzioaren posibilitatearen aurrean erne egon behar dugu, pazientearen talde sozio-ekonomikoari edo adinari gehiegi erreparatu gabe. Populazioak arazoaz jabetzeko edota bere garrantziaz konturatzeko aukera gehiago eduki du azken aldi honetan, kokaina-kontsumoarekin lotu izan diren pertsona ospetsuen heriotzak edota bestelako kasuak (Maradonaren kasu tristea, esate baterako) direla eta.
Dena den, beste kasu asko eta asko oharkabean pasatzen dira, guregandik gertuago egon arren. Kokainaren adikzioa, azkenik, trata daiteke programa espezializatuen, eta senide, mediku eta osasuneko pertsonal berezituaren laguntzarekin. Lehenengo pausoa arazoa detektatzea da, pazienteari hasierako egoera negatibista horretatik ateratzen lagunduz.
Kokaina Erythroxylon coca izeneko landare-hostoetatik ateratako substantzia da; Andeetako eta Hegoamerikako (Peru eta Boliviako) ekialdeko eskualde menditsuetan ohizkoa den landarea, hain zuzen. Bertako biztanleek ehundaka urtetan murtxikatu dituzte hosto horiek, goimendietako eskualdeetan bereziki, beren erresistentzia hobetzeko. Oraintsuago, koka-hostoaren efektuak areagotu egin dira hosto horietatik kokaina purifikatua lortu denean (landare-hostoen kokaina-portzentaia pisutan % 0,5-1,7 bitartekoa da). Koka-hostoaren forma purifikatu hau da bestelako administrazio-modu guztien oinarria.
Kimikoki, bentzoil-metil-ekgonina bezala sailkatzen da; C17,H21NO4. Egitura kimikoz, beste anestesiko lokal garaikideen antzekoa da; alegia prokaina eta lidokainaren antzekoa.
Kokaina purua, XIX. mendearen bukaeran isolatu zen lehenengoz Europan eta 1880an von Anrep-ek bere efektu farmakologikoak aztertu zituen. Drogak oso eragin anestesiko lokal gogorra zuela ikusi zuen. 1884ean Sigmund Freud-ek kokainaren eragin fisiologikoei buruzko ikerketa zehatza zuzendu zuen, animo-egoera euforiaraino igotzeko zuen posibilitatea ere barne hartuz. Freud-en ohar horiek oftalmologiaren eremura bideratu zituen Karl Koller-ek, eraginkortasun osoz droga anestesiko lokal bezala erabiliz. Erabilera berehala zabaldu zen, odontologiara eta kirurgiara.
Baina hortik abusurainoko pausoa oso txikia zen, eta droga eskura jarri zen bezain pronto, kontsumoa igo egin zen bere eragin estimulatzaileagatik. Urtetan kokainak ez zuela adikziorik sorterazten uste izan zen. Ustea ustel ordea, gero frogatu denez. Azken 10-15 urteotan, kokaina-kontsumoa ikaragarri hazi da, urtetik urtera droga hori probatu dutenak (gaur egun 20-25 milioi inguru EEBBetan) gehiago izanik. Bost-sei milioi dira kokaina erregularki kontsumitzen dutenak, eta bi milioi inguru droga horren menpe dauden adikto grabeak. Eta zifra horiek, beldurgarriak izanik ere, crack-modaren aurrekoak dira. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia