Klonazio bidez giltzurruna osatzea lortu dute

AEBetako Advanced Cell Technology (ACT) enpresa pribatuak, iaz lehen giza enbrioi klonatua lortu zuela aldarrikatu zuen enpresa berak adierazi du klonazio bidezko teknologia erabilita behi-giltzurrun funtzionalak lortu dituela.

Giltzurruna egiteko, behiaren belarriko azaleko zelula bakar batetik abiatu ziren ikertzaileak. Aurrez informazio genetikoa erauzita zuen behi-obulu batekin fusionatu zuten belarriko zelula eta, deskarga elektriko baten bidez, obuluaren zatiketa eragin zuten; hartara, enbrioi bat sortzeko bidean jarri zuten. Horrela, beste ehunak emateko ahalmena duten zelula amak lortu zituzten. Ondoren, zelula ama horiei tratamendu kimikoa ezarri eta giltzurrun-zelula helduak atera zituzten.

Giltzurrun-zelula helduak organo baten moduan eratzeko, Harvard Medikuntza Fakultateko talde batek egindako giltzurrun-itxurako euskarri biodegradagarrian hazi zituzten. Emaitza bi hazbeteko neurria zuten giltzurrun nanoak izan ziren. Horiek behi helduen giltzurrunen ondoan transplantatu eta erabat funtzionalak zirela, hau da, gernua ekoizteko gai zirela ikusi zuten ikertzaileek.

ACT enpresaren helburua etorkizunean organoren bat behar duten gaixoek organo egokiaren zain egon beharrik ez izatea da. Izan ere, jatorrizko zelula transplantearen hartzailearena denez, ez dago errefusatzeko arriskurik. Dena dela, ez dirudi epe laburrean horrelakorik egin ahal izango denik, oraindik ez baita organo osoa egiterik lortu.

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali