}

Japoniaren lezioak COVID-19aren kudeaketan

2022/05/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

japoniaren-lezioak-covid-19aren-kudeaketan
Txertaketa-kanpaina Yokosuka ospitalean. Arg. Japoniako Itsas Medikuntza/Jabetza publikoa

COVID-19aren kudeaketan Japoniak hain emaitza onak izatearen arrazoiak aztertu dituzte, Nature aldizkariko artikulu batean. Egilea, Oshitani, Tohoku Unibertsitateko birologoa da, eta gobernuaren aholkularia COVID-19aren auzian; eta, haren arabera, Japonian G-7 taldeko beste herrialdeek baino hildako gutxiago eta egoera hobea izan dituzte, nahiz eta populazio-dentsitate handia duten, eta adin oso nagusikoa. Onartzen du txertatze-maila altuak eta maskara ohikoa izateak asko lagundu dutela horretan; baina gogorarazi du txertoak izan aurretik ere hildako gutxi izan zituztela, eta maskarak Asia ia osoan direla ohikoak. 

Oshitaniren iritziz, batez ere hauek izan dira gakoak: birusa nola transmititzen den eta zer arrisku dituen ulertzea, eta jarduera sozialari eta ekonomikoari eustea, ospitaleratzeak eta heriotzak ahalik eta gehien murriztuz. Dioenez, presio sozialak prebentzio-neurriak betetzen lagundu du, eta arrisku-portaerak eragotzi. Bestalde, gobernuak azkar bideratu zuen komunikazioa, eta informazio eraginkorra emateaz gain, agindu gogorrak saihestu zituen.

Izan ere, Japoniako konstituzioak itxialdi zorrotza debekatzen du; hortaz, bestelako estrategiak behar zituzten transmisioa eteteko. Horietako bat gaixotasun infekziosoen jarraipenerako sarea izan da. Sare hori lehendik zuten martxan, eta, COVID-19rako egokituta, eta kontaktuen atzerazko jarraipena eginda, jendea nola infektatzen zen argitu ahal izan zuten.

Horrez gain, berehala ohartu ziren birusa aerosolen bidez transmititzen zela. Hala, hasieratik ezarri zituzten neurri egokiak, eta komunikazio zuzena eta eraginkorra egin zuten. Arau nagusia hau zen: saihestu 3 C-ak; alegia, leku itxiak (closed environments), jende-pilaketak (crowded conditions) eta kontaktu estua (close-contact). Mezua garbia izan da, eta herritarrek zuzen jarraitu dute. Horrez gain, orain era mailakatuan ari dira uzten neurriak bertan behera.

Oshitanik, hala ere, aitortu du gobernuak kritikak jaso dituela. Aholkulariek eta agintariek, egoera aldatu ahala, neurriak egokitu behar dituztela gogorarazi du. Eta ohartarazi du mundua normaltasunetik urrun dagoela oraindik, eta, beraz, herrialdeek prebentzio-neurrien eta jarduera sozialak eta ekonomikoak izatearen arteko orekan jarraitu behar dutela. Nola? Oshitaniren erantzuna: “Kultura, tradizio, legezko esparru eta praktikei egokitzen zaizkien tresna guztiak erabiliz, mundu osoko sufrimendua leuntzeko”.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia